alea.eus

Martxoaren 3ko pelikularen filmaketa urrian hasiko da

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-09-13 16:24   Gizartea  Gasteiz

'Vitoria, 3 de marzo' filma egiteko 1,5 milioi euroko aurrekontua dute; 18 aktorek parte hartuko dute.

Martxoaren 3ko pelikularen filmaketa urrian hasiko da
'Vitoria, 3 de marzo' filmaren aurkezpena. ALEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Korala izango da Martxoak 3ko gertakizunak kontatuko dituen filma. Victor Cabaco zuzendariak nabarmendu duenez, gasteiztarren oroimen kolektiboa jaso nahi dute: "Jende orok du egun horietako oroitzapenen bat, emozioak, sentimenduak, gertaera horiekin lotuta, eta hori guztia kontatu nahi dugu". Hala ere, ez dute dokumental bat egingo: "Fikzio bat da, drama historikoa, baina saiatuko gara ahalik eta zehatzena izaten, benetako historiari erreparatzen".  

Narrazioaren erdian Begoña izeneko gaztea kokatu dute gidoilariek. Begoñak bertatik bertara biziko du "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astinduko duen gertaera. Gero eta gehiago tenkatzen doan gatazkaren erdian, zeinen alde jarri aukeratu beharrean izango dira protagonistak. Azkenean, sarraskiaren ondoren, ezer ez da berdina izango Begoñaren bizitzan.

Aste honetan aurkeztu dute Vitoria, 3 de marzo proiektua. Gasteizen errodatuko da osorik filma; urriaren 9an hasiko dira eta bost edo sei astez luzatuko da filmazioa. Aurreko asteetan eginiko castingari esker, milatik gora estra bildu dituzte, eta 18 aktorek parte hartuko dute. 

Aurrekontu mugatua

Filmaren produktoreak Oskar Bañuelos kazetaria eta Sonora Estudios eta Gariza Films enpresetako Pako Ruiz eta Asier Bilbao dira. Gidoia Juan Ibarrondok eta Hector Amadok landu dute, eta Gaizka Bourgeaud da argazki zuzendaria. 

Filma egiteko aurrekontu mugatua dute, 1,5 milioi euro hain zuzen ere; Jaurlaritzaren Kultura sailak, Espainiako Kultura Ministerioak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta ETBk babestu dute egitasmoa.

 

Aktore nagusiak

Amaia Aberasturi (Gautegiz Arteaga, 1997) Begoña da, 18 urteko gazte bat; erdi-mailako klaseko familia batean bizi da, eta greban dagoen langile gazte batez  maitemindurik dago; harreman hori dela eta aitari aurre egingo dio. Begoñaren pertsonaiak Gasteiz hiria bera ordezkatzen du: urte haietan aldaketa sakon bat izango zuen hiri baten metafora bizia da.

 

 

Alberto Berzal (Azpeitia, 1970) Begoñaren aita da; berrogeitaka urteko kazetari bat da, bertako irrati txiki batean lan egiten duena. Familia abertzalea izanik, isiltasunean mantendu du, ingurua  babestearren. Harentzat, edozeren aurretik familia dago, kezka politikoak ere badituen arren. Nolabait, ameslari bat da, alaba bezala. Pertsonaia kontraesankorra da.

 

Ruth Diaz (Reinosa, Espainia, 1975) Jose Luisen emaztea Begoñaren ama da pelikulan. Ana oraindik emakume gazte bat da; ikasketei uko egin behar izan die ezkontzeko, haren belaunaldiko beste emakume askok bezala. Hala ere, urteak igarota, ez dago pozik, haren espektatibak ez direlako bete espero zuen moduan. Gertaerek bultzatuko dute zirt edo zart egitera.

 

 

Mikel Iglesiasek (Rubi, Herrialde Katalanak, 1996) garai hartako gazte politizatuaren eredua den Mikel ordezkatuko du. Begoñaz maitemindurik dago, eta saiatzen da neska-lagun baino, borroka-lagun bilakatzen. Greba mugimenduan bere saltsan dago. Adiskidetasuna garrantzizko balioa da berarentzat.

 

 

Iñaki Rikarte (Gasteiz, 1981) da Javier, grebako langile mugimenduaren buruetako  bat. Martxoaren 3an paper nagusia jokatu zuten lider bat du oinarri pertsonaiak. Gaztea da, baina hamaika borrokatan zaildutakoa; gizon atsegina da, adiskidetsua, bizitzan dauden gauza txikiekin hunkitzeko gai den pertsona da.

 

 

Jose Manuel Sedak (Sevilla, Espainia, 1968) Eduardo enpresari pragmatikoa ordezkatzen du. Negozio-gizon postmodernoaren eredu berriaren erakusgarri ona da. Eduardo ahalik eta etekinik handiena eskuratuz saiatzen da aurrera egiten bizitzan. Anbizio handikoa da, eta printzipioak alde batera uzteko gai da, helburuak lortzearren.

 

 

Oti Manzanok (Murtzia, Espainia, 1980) emigratu behar izan duen emakume baten pertsonaia egingo du; Loli Andaluziakoa da jatorriz, eta filman, Begoñaren eta Anaren konfidente eta adiskidearen rolak jokatuko ditu. Begoñari aholku ematen saiatuko da, eta bitartekari lana egiten. Greba mugimenduan parte hartuko du, gertaerek bultzatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa