Badator 'Jo! Fest', Arabako diseinatzaileen jaialdia

Esti Lanao 2017ko urr. 4a, 09:53

Irene Larrinbe eta Goiuri Barrigak jaialdiaren aurkezpena egin dute Judimendi auzoko ARTgia aretoan.

Urriaren 6 eta 7an izango da, Gasteizen. Ponentziak, tailerrak eta kolaborazio ezberdinak prestatu dituzte diseinatzaileen lana ikusarazteko sortutako jaialdiaren bigarren edizioan.

Hemen da Jo! Fest, diseinatzaileen jaialdiaren bigarren edizioa. Urriaren 6an abiatuko da, eta 400 parte-hartzaile bildu nahi dituzte diseinatzaileen lana ikusarazteko asmoz. Horretarako, ponentziak, tailerrak eta kolaborazio ezberdinak prestatu dituzte bi eguneko egitarau "osatuago eta zabalago" baten bidez. Judimendiko ARTgia aretoan aurkeztu dute jaialdia, eta antolatutako ekintza guztiak Europa jauregian, Zas kultur espazioan eta Zuloa aretoan zehar banatuta egongo dira.

Diseinu, animazio eta ikuskizunetako adituak elkartuko dira, besteak beste, ondorio sozial eta ekonomikoen inguruan hausnartzeko. Era berean, Irene Larrinbe eta Goiuri Barriga antolatzaileek zarata egiteko gogoa dutela argi utzi dute: "Gasteizko diseinua eta sorkuntza, eta batez ere emakumeak arlo horretan duen papera, aldarrikatu nahi dugu". Izan ere, badira hirian bertan lanean ari diren diseinu grafikoko profesionalak, "baina ez diegu hauei merezi duten balioa ematen".

Urriaren 6an, ostiralean, emango diote hasiera jaialdiari, Susana Blasco eta Mayra Monroek Zas kultur espazioan eta Zuloan eskainiko dituzten tailerrekin. Egun berean, Amaia Arrazolak murala egingo du Gasteizko erdialdean. Larunbatean, berriz, Europa jauregia izango da ponentzia eta hitzaldientzako lekua. Bertan, Rebeka Arce, Zahira Montalvo eta Javi Prieto izango dira, besteak beste.

Era berean, Jo! Fest-ak elkarlana sustatu du Arabako beste eragileekin; hala nola, Arabako Diseinu Grafikoko Eskola, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen elkartea eta Linea Recta estudioa. Horiez gain, Attacca kolektiboak atera berri diren proiektuen plataforma aurkeztuko du.

Hori gutxi balitz, aurtengo diseinatzaileen jaialdiak design market anitz bat izango du larunbatean, Europa Jauregian. Azkenik, Gasteizko alde zaharreko taberna batean jaia egingo dute, Jo! Fest-ari bukaera emateko.

Sarrerak uda aurretik daude salgai. Ostiraleko tailerretan parte hartzeko 55 euro gehi gastuak ordaindu beharko dira, eta plaza-kopurua mugatua da. Larunbaterako sarrerak, berriz, 30 euroan eskuratu daitezke.

Haziak egitasmoari esker sortu zuten jaialdia Arabako lau emakumek 2016an, eta aurtengoa erronka handia dela adierazi dute antolatzaileek. "Hala ere, lehen aldian 150 lagun batu genituenez, apustu sendoago bat egitea erabaki dugu". Horregatik, publiko zabalago bati zuzenduta dago aurtengo jaialdia, eta, bereziki, sorkuntzan jakin-mina duen edonori parte hartzeko gonbitea luzatzen diote.

Ikasturte berria  

Sorkuntzaren ildoari jarraituz, eta artean apur bat murgilduz, ikasturteari hasiera eman dio dagoeneko Judimendiko ARTgia aretoak. Izan ere, abuztuaren amaieratik erakusketa berri bat du ikusgai: Ingurua(k) - Circundante artelana, Ines Gonzalez de Zarate eskultore gasteiztarrarena. 

Atzera begirako erakusketa aurkeztu du aretoan, eta bisita gidatu baten bidez, bere ibilbidean zehar sorturiko artelan esanguratsuenetariko errepasoa egin du. Abuztuaren 30ean inauguratu zen, eta irailaren 20an eta urriaren 6an beste bi bisita gidatu eskainiko ditu. Erakusketa urriaren 15era arte egongo da ikusgai. 

Aurten 70 urte bete berri ditu Ines Gonzalez de Zaratek, eta Artgian paratu duen erakusketa horren bidez ospatuko du urteurren berezia. Emakume aitzindaria da; izan ere, 1960ko hamarkadatik artea sortzen dabiltzan emakume arabar gutxienetarikoa da. Horren harira, obra aretoaren sorrerako helburuekin guztiz bat datorrela adierazi du ARTgia espazioaren arduradun Irantzu Lekuek, pozik. Emakume artisten lanak ezagutarazteko asmoarekin jarraituko dute: "1960ko hamarkadan artean murgildu eta oraindik aktibo jarraitzen duen emakume baten lana ezagutzera ematea lortu dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago