Pertsona bat balitz, gaztetasunetik heldutasunera igarotzeko bidean dagoela esango genuke. Izan ere, aurten 29. ediziora heldu da Gasteizko Magialdia. Astelehenean hasita, eta astebetez, arabarrek tentuz ibili beharko dute errealitatea eta amarrua bereizi nahi badituzte. Edonon azaldu daitekeelako magia: Gasteizko edozein kaletik ibiltzean edo lagunekin afaria egitean. 25 agertokitan loratuko da magia, 75 ikuskizun ezberdinetan.
Aurten, ordea, hausnarketarako tartea ere izango dute magoek, eta horretan magia egitea ez zaie nahikoa izango. Europa biltzar aretoan arituko dira magiaren munduari lotutako adituak, agian ahopeka, maisuen arteko trikimailuak elkarbanatuz. Tarte hori baliatuko dute ere hainbat liburuen aurkezpena egiteko.
Benetako magia izan dadin, ilusioa eta kemena jarriko dituzte magoek aurtengo gala solidarioan. Oraingoan, Nahia Garcia umearen alde egingo dute; hitz egitea eragozten dion sindrome epileptikoa du haurrak, eta magia hutsaz gain, bestelako laguntza behar du. Nork esan du ba magia ez dela existitzen?