Lasarteko Atean bidegorri berria egiteko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Bizikletentzako bidea Frai Francisco de Vitoria ibilbidetik Salbatierrabidera joango da. Obrak esleitzen direnetik bi hilabeteko epean egingo dira.
Hala, 2'20 eta 3 metro arteko zabalera eta bi noranzko izango dituen bidegorria proiektatu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Zati bat galtzadan eta beste bat espaloian kokatuko da, Gure Txokoa eraikinaren lursailaren ondotik. Lasarteko Atearen mendebaldeko aparkaleku-lerroak aldaketak jasango ditu, eta ekialdera aldatuko dituzte. Salbatierrabidearen kasuan, berriz, aparkaleku batzuk kenduko dira.
Egun, 158 kilometro inguruk osatzen dute Gasteizko bizikletentzako bideek. Kasu honetan, bidegorri berria interes berezikotzat jotzen dela adierazi du Gasteizko alkateak. Izan ere, "bizikleta ugari ibili ohi da tarte horretan". Hain zuzen ere, hiriaren iparraldea Mendizorrotza futbol-zelaia eta igerilekuekin, Estadioarekin, Mendizabala institutuarekin, Olabide ikastolarekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lotzen ditu.