Hilaren 28an zabalduko dute Zabalganeko gizarte etxea

Mirian Biteri 2017ko ira. 7a, 09:45

Egilea: Onaindia

Eraiki bakarra izan beharrean, 15.650 metro koadro dituen ia lursail osoan zabaltzen dira instalazio berriak.

Hilabeteak itxaron behar izan dituzte auzokideek, baina, dagoeneko irekiera eguna du Zabalganeko gizarte etxeak: irailaren 28an zabalduko ditu ateak. Azpiegitura berri honek Zabalgana, Mariturri, Borinbizkarra, Elexalde eta Aldaian bizi diren 22.000 bat lagunei emango die zerbitzua.

2015eko otsailean sartu ziren lehenengoz CC Zabalgana UTE izeneko enpresa elkarteko langileak lursailera; aurreikuspenaren arabera, 22 hilabeteko epea zuten gizarte etxea eraikitzeko. Data hori, baina, ez zuten bete. Iazko udazkenean, Gasteizko udal gobernuak enpresari zigor dosierra abiaraztea erabaki zuen, obretan atzerapena atzeman zutelako. Hasierako proiektuan, gainera, hainbat hobekuntza egin ziren, eta lanak hainbat hilabetez atzeratu ziren. Udalak maiatzaren 23an eman zuen amaitutzat obra.

Ordutik hona, azken ukituak eman dizkiote, eta udal teknikariak instalazioak goitik behera ikuskatzen ibili dira, behin-betiko oniritzia eman aurretik. Hainbat bisita ere izan ditu ekipamenduak; tartean, auzoko eragileek pasa den astean egindakoa.

11.472 metro koadro

Obretan egon diren tarte horretan, eraikin berezia egin dute, hiriko gainerako 13 gizarte etxeekin zerikusirik ez duena. Bolumen konpaktu bakarra eraiki beharrean, 15.000 metro koadrotik gorako ia lursail osoan zabaldu da, inguruneko topografiara moldatuz; zehazki, 11.472 metro karratukoa da eraikitako azalera.

Igerileku ludikoa

Azpiegitura berrian eskainiko diren askotariko zerbitzuei dagokienez, igerileku ludikoa nabarmendu daiteke eta baita kirol pista, bi gimnasio eta ekitaldi aretoa ere; 425 metroko koadro ditu azken horrek, eta 200 lagun hartzeko aukera.

Horrez gain, helduentzako liburutegia, mediateka, ikasteko gela, familientzako liburutegia, ludoteka, gazte kluba, infoteka, argazkigintza analogikorako zein digitalerako laborategiak, herritarrei laguntzeko bulegoa, bilera aretoa, kafetegia eta erakusketa eta hitzaldi eremua ditu. Tailerrak egin ahal izateko gune bat ere jarri dute, sukaldaritza, eskulanak eta bestelako jarduerak egiteko. Sarrera nagusiaren parean, gainera, 1.400 metro koadroko zabalera duen plaza egin dute, eta eraikinaren inguruan lorategi eremuak.

Zabalganeko gizarte etxeak 10,5 milioi euroko  kostua izan du Gasteizko Udalarentzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago