Gaur hasi eta igandera bitartean, Espainiako telebista kateek ikasturte berrirako programazioa aurkeztuko dute Gasteizen, eta sektorean nabarmendu diren profesionalei saria emango diete. Javier Gutierrez, Roberto Alamo eta Anna Castillo aktoreek aurkeztuko duten Estoy vivo TVEko seriearekin hasiko dute aurkezpen sorta.
Ohikoa den moduan, 21:15ean agertuko dira aktoreak San Prudentzio kalean paratu duten alfonbra laranjan, eta 22:00etan izango da Principal antzokiko aurkezpena. Datozen egunetan, besteak beste, Velvet Colección, El Ministerio del Tiempo, Traición, La Catedral del Mar eta Tiempos de Guerra serieak aurkeztuko dituzte antzokian.
Izan Invictus
EITBri dagokionez, beste hainbaten artean, Izan Invictus reallity berria aurkeztuko du ostiralean. Hostoil ekoizpen etxearen eskutik, oztopo lasterketetarako prestatu beharko dute lehiakideek. Helburua oztopo lasterketako 10 kilometro eta 80 oztopoak gainditzea da. Horretarako, 8 asteko entrenamendu gogorra pasatu beharko dute lehiakideek. Halaber, elkarbizitzak zeresan handia izango du. Ostiralean aurkeztuko dute saioa; 19:30ean, Principal antzokian.
Aurkezpenekin batera, saio teknikoagoak ere izango dira Festvalean. Jabetza intelektualaren inguruan edota gidoilarien lanaren inguruko saioak izango dira Europa jauregian. Euskaraz ere izango da saiorik; ostegunean hainbat telebista aurkezleren esperientzia bilduko dute mahai-inguru batean (11:30ean, Europan).
Larunbatean ospatuko duten amaiera galan, beste alde batetik, profesionalen lana aitortuko dute. Joan Ramon Mainat sarietako bat Anne Igartiburu TVEko aurkezleari emango diote, Michael Robinson eta Pepe Navarrorekin batera. Kritikaren sarien artean, fikzio onena La casa de papel izendatu dute —Itziar Ituño aktorea ari da han—. EITB Saria Karlos Argiñanori emango diote, eta El lector de huesos ETB2ko saioak ere sari berezi bat jasoko du.