Ines Gonzalez de Zarate eskultore gasteiztarrak atzera begirako erakusketa aurkeztu du Judimendiko ARTgia sorgune & aretoan. Abuztuaren 30ean inauguratu zen, autoreak egindako bisita gidatu baten bidez, eta irailaren 20an eta urriaren 6an eskainiko ditu beste bi bisita gidatu. Erakusketa urriaren 15era arte egongo da ikusgai.
Ingurua(k) – Circundante izeneko obraren bidez, bere ibilbidean zehar sorturiko artelan esanguratsuenetariko batzuk erakutsi ditu eskultore gasteiztarrak. Aurkeztutako lagina Desmon Tutu eta Nelson Mandelaren ubuntu filosofiarekin lotu du; hain zuzen ere, “besteei esker naiz ni naizena” dioen pentsaera. Hala, artelanak multzo itxi bat multzo ireki baten osagarri bihurtzen du, horren adibide arkitektura edo paisaia izanik.
Artean aitzindaria
Era berean, Irantzu Lekue ARTgia aretoaren arduradunak azaldu duen bezala, “erakusketa berezia izango da”. Izan ere, “60 hamarkadatik artea sortu eta oraindik lanean dabilen emakume arabar gutxienetarikoa da”. Hori dela eta, Lekuek poztasuna adierazi du, ARTgiaren bidez, “artean aritzen diren emakume gazteen eta ez hain gazteen lana ezagutarazten sakondu baita".
Horrez gain, artean aitzindaria izandako emakume honek 70 urte bete berri ditu, eta erakusketa honekin ospatu nahi izan du urteurren berezia.