Bertan da Errugbi Inklusibloaren Nazioarteko Txapelketa. Abuztuaren 21ean egingo dute irekiera ekitaldia, 18:00etan, Foru plazan. Horren ostean, kontzertua eskainiko dute Motxila 21 musika taldekoek.
Hurrengo egunean, abuztuarem 22an, hasiko dira norgehiagokak, Betoñuko udal zelaietan. Denera, herrialde ezberdinetatik heldutako hamabost talde lehiatuko dira; Gasteizko Gaztedi errugbi taldeaz gain, Ingalaterra, Frantzia, Eskozia, AEB eta Mexikokoak ere arituko dira. Abuztuaren 25era arte luzatuko dirapartiduak.
Beste hamaika jarduera
Txapelketarekin batera, kirol jarduerarekin zerikusia ez duten bestelako ekimenak ere izango dira egun horietan osagarri modura. Abuztuaren 22an, Foru plaza dantzan jarriko du Zango musika talde bizkaitarrak, 19:00etan. Jarraian, 21:00etan, Moonshine Wagon gasteiztarrak izango dira agertokira igoko direnak. Abuztuaren 23an ere hitzordu bikoitza dago: 19:00etan, Moni Garageren kontzertua izango da, eta 21:00etan, Los Brazosena. Ostegunean, El Ultimo Txikitero eta Alikatesen txanda da, eta gauerdirako, Kubik festa antolatu dute. Abuztuaren 25ean ere badago zereginik: 18:00etan hasiko den itxiera ekitaldiari Iñigo Salinerok Txaflas emango dio umore ukitua. Horren ostean, Los Zigarrosen kontzertua izango da, eta txapelketari amaiera emateko, Kubik festa.
Horrekin batera, hainbat jardunaldi antolatu dituzte. Bertan, aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzea, aukera berdintasuna eta bizimodu osasuntsua lantzen dituzten gaiak jorratuko dituzte.