Gasteizko gazte talde batek Hedegile kaleko 127. blokea okupatu du, Hala Bediri jakinarazi diotenez. Azken aste hauetan zehar okupatu dute bloke hau, eta 35 pertsona inguru bizi daitezke eraikin honetan. Azaldu dutenez, “etxebizitzaren inguruko arazo kolektiboari erantzun kolektibo bat” eman nahi diote okupazio berri honekin. Gogoratu beharra dago, ikasturte honetan zehar Pinto, Txikita eta Kutxi kaleetan blokeak okupatu dituztela helburu berdinarekin.
Gazteek azaldu dutenez, “bloke honen utzikeriagatik, alkateak, aurreko udal gobernua eta berea salatu eta akatsak onartu ordez, gure portaera kriminalizatzera joko duela badakigu”. Zentzu honetan, “hiritarron interes eta beharrak asetzeko borondate eza” leporatu diote Urtaranen gobernuari.
Gazte Emantzipaziorako Saretik argitu dutenez, sarea zabaltzen jarraitzeko asmoa dute: “Txikitatik hasita, Pinto, Kutxi, eta Hedegile kaleko etxebizitzak pizten eta berpizten jarraituko dugu”.
Etxebizitzaren desjabetze prozesua
Bloke honek hamar urte daramatza hutsik. Izan ere, 2008. urtean, ARICH (Agencia de Revitalizacion Integral del Casco Historico) enpresa sortu eta etxebizitza honen tankerako blokeak kudeatzen hasi zen. Hala ere, nahaspila urbanistiko ugari sortu zituen enpresa honek, eta egun, zorrak kitatu gabe ditu oraindik.
Etxebizitza honen desjabetze prozesua ulertzeko luze jo behar dugu atzera. ARICH enpresak, tutoretzapeko apartamentu batzuk sortu nahi zituen, baina ez zen inolako mugimendurik egon. Ezarritako datak igarota, proiektu honen eskumena Ensanche 21en eskuetara igaro zen eta 2012. urtean, arrazoi ekonomikoengatik, kudeaketa bertan behera geratu zen.