67 urte dira Los Txismes Neska eta Blusa kuadrillak Andra Mari Zuriaren jaiak ospatzen dituela, eta urtero, hiriko jaietan ekarpena egin duten talde edo lagunak omentzen ditu; abuztuaren 6an banatuko dute Ohorezko Txismea.
Aurten, Maria Jose Roldan, Pili Gonzalez de Axpuru, Maria Luisa Ortiz de Urbina, Eva Maria Lopez de Armentia eta Amaia Gonzalez de Lopidana omenduko dituzte, blusa kuadrilla batean txistua jo zuten lehenengo emakumeak. 70. hamarkadan hasi ziren txistua jotzen bost emakume hauek, eta Los Txismes kuadrillan sartu ziren, jaiak girotu eta gozatzeko. "Blusa kuadrilletan emakumeak hastea, kasu honetan Los Txismes kuadrillan, gizartearentzako aurrerapen handia izan zen, eta baita hiriko jaietarako ere; eurek egindako ekarpenagatik, omenaldia egin nahi diegu aurten", azaldu du kuadrillak ohar batean.
Gainera, aurten Anton Iturberi ere omenaldia egin nahi diote, duela egun gutxi batzuk hil den blusa kideari.
Aurretik, besteak beste, Jose Maria Sedano kazetariak, Mikel Bombin txistulariak, Indarra kultura taldeak eta txosna batzordeak jaso dute Ohorezko Txismea.
Ohorezko Txisme saria abuztuaren 6an egingo dute, 12:45ean, San Migel balkoian.