Jai atarikoak eta Santiago Eguna atzean utzi ostean, bueltan dira berriro ere Gasteizko Andre Maria Zuriaren festak. Ostiralean, abuztuaren 4an, lehertuko da jaia Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarrak San Migeleko balkoitik suziria bota ostean; El silencio de la ciudad blanca eta Los ritos del agua liburu arrakastatsuak idatzi ditu Garcia Saenz de Urturik.
Zeledonen aurtengo jaitsiera eta igoera ez dira azken urteotakoa bezalakoa izango; izan ere, debekatuta egongo da beira eramatea. Udalaren debekuak Andre Maria Zuriaren plaza eta inguruak hartzen ditu barne: hain zuzen, Plaza Berria, Loma Jeneralaren plaza, Posta kalea, Arkupeak eta Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen sarrerak. Beirarik eta objektu arriskutsurik sar ez dadin, hamar sarrera kontrol jarriko dira horietan; Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek eta garbiketa monitoreek izango dute agindua betearazteko ardura. Araudia betetzen ez dutenek, gutxienez, 90 euroko isunari aurre egin behar izango diote.
Horrez gain, abuztuaren 4ko 15:00etatik udal segizioa bezperetara joaten bukatu arte, eta abuztuaren 9ko 23:00etatik Zeledonen igoera amaitu arte, eremu mugatu horretan dauden tabernei kanpora atera daitekeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan zerbitzatzeko debekua ere ezarri zaie.
Abuztuaren 9an ere kontzertua
Egitarauari dagokionez, betiko moduan, 350 bat ekitaldi izango dira datozen egunotan. Horretan badira hainbat aldaketa; besteak beste, Foru plazan kontzertu gehiago eskainiko dira. Azken urteotan, abuztuaren 9an ez da musika emanaldirik izan bertan; bada, aurten, bai. Zea Mays eta E.T.S. talde euskaldunak igoko dira oholtzara. Horiez gain, M-Clan, Morat, La Raiz eta El Drogasek eskainiko dute kontzertua.
Bestalde, eskulangintza azoka lekuz aldatuko dute. Azken urteotan Senda ibilbidean egin da, baina ehunka urteko zuhaitzetatik adarrak erortzeko arriskua antzeman dutenez, aurten Karmelo Bernaola ibilbidean jartzea erabaki dute. Azokak 65 saltoki izango izango ditu; ohikoa den bezala, tokiko eskulanak zein leku exotikoetakoak (India, Ekuador, Nepal, Turkia…) erosi ahalko dira. Piroteknia erakustaldien kartela ere berrikuntzekin dator oraingoan: Eslovakiako Pivatex Pyro izeneko pirotekniak parte hartuko du, eta nazioarteko enpresen presentzia berreskuratuko dute modu honetan.
Huntza eta Hesian, Aihotz plazan
Aihotz plazan, bestetik, euskal musikaren soinu ezagunenak igoko dira taula gainera, hala nola, Mikel Urdangarin, Maider Zabalegi, Huntza edo Hesian taldeak ikusi eta entzuteko aukera egongo da; bertan ere ez dira faltako urteroko trikiti emanaldiak eta bertso saioak. Txosnetan zein gaztetxean ere bertako zein kanpoko musika taldeak arituko dira.
Toki batean edo bestean, leher eginda amaituko dute abuztuaren 9an gasteiztarrek.