Gasteizko Jaiak 2017

Txosna gunean eskaintza zabala izango da

Erredakzioa 2017ko abu. 2a, 15:20

Gasteizko txosnen egitarauaren aurkezpena. ESTI LANAO

Denera zortzi txosna egongo dira aurten; karpa eta agertoki nagusiaz gainera Kalera Kalera eta Gazte Karpa izango dira gunean.

 

Abuztuaren 4an, 20:30ean zabalduko dituzte txosnak, eta 21:30ean izango da inaugurazio ekitaldia. Bertan banatuko dute Txosnisaria. Aurten AEK omendu nahi izan dute, eta harentzat izango da saria. "Hainbeste urtetan zehar euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori, eta lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntzeko", azaldu dute txosnako kideek. Sariarekin txosnak osatzen dituzten kolektiboek herrigintzan nabarmendu diren pertsonak edo eragileak omentzen dituzte.

 Nobedadeen artean, bestetik, bi kolektibo berri batu dira Txosna Batzordera: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba. Orotara, hamar kolektibok osatuko dute Gasteizko Txosnak: Askapena, Gazte Karpa, Berriztu Araba, Mugimendu Feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea, Errekaleor Bizirik eta Sukalde Gerrilla. Hortaz, denera zortzi txosnek, bi karpek eta karpa komun batek osatuko dute txosna gunea. 

Bi espazio nagusiez gain –guztien karpa eta agertoki nagusia–, Gazte karpak eta Kalera Kalera karpak egitarau berezia eskainiko dute, eta Bertsozaleen Elkarteak eta Errekaleor Bizirikek hainbat jarduera antolatuko dituzte.

Emakumeen eguna

Aurtengo berritasunen artean, abuztuaren 7ko kontzertuak daude. Izan ere, "oholtza gainean protagonistak emakumeak izango dira". Egun horretako kontzertu guztiak emakume musikarien esku utzi dituzte: Sorkun, Liher, Amparanoia eta DJ Tarantistak.

Batzordeak adierazi duen bezala, "garrantzitsua da eraso sexisten aurka antolatzea eta ematen direnean salatzea. Baina hori ez da emakumeok jai egun eta eremuetan bizi dugun zapalkuntza bakarra. Emakumeok jaien testuinguruan hartzen ditugun rolei buelta emateko ezinbestekoa da". 

Ildo horretan, gainera, Gasteizko Txosna Batzordeak Mugimendu Feministak aurkeztu duen eraso matxisten aurkako protokoloarekin bat egin du, eta edozein erasoren aurrean batera erantzuteko deia egin du. 

Tokiko produktuak

Bestalde, aurten, aurreko urteetan bezala, ingurumenaren zaintzari eta garapen solidarioari tokia egingo zaie txosnen gunean, eta produktu ekologikoen eta elikadura subiranotasunaren aldeko apustua egin du Txosna Batzordeak. Hala, txosna guztietan produktu ekologikoren bat dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Horrez gain, abuztuaren 6ko herri bazkaria Arabako produktu ekologikoekin egingo da. Bestetik, argindarrerako hornitzailea aldatu dutela jakinarazi dute: "Urte asko Iberdrolarekin lan egin ostean, aurten gure hornitzailea Goiener energia kooperatiba izango da", azaldu dute.

Gasteizko jaietako egun bakoitzak izaera berezia hartuko du Txosnen Gunean, herri mugimenduaren isla izan nahi duen egitarau zabalean.Hala, abuztuaren 5ean preso eta iheslarien eguna izango da, abuztuaren 6an Entxosnazio eguna, abuztuaren 7an Gazte eguna, 8an egun berezi berria izango dute, Herri Botere eguna, eta abuztuaren 9an, azkenik, Egun Feminista egingo dute. Bide batez, "jaien eredu euskaldun, parekide, anitz, parte hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustua" egin dute txosnetako eragileek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago