"Ez gara inoren morroi"

Anakoz Amenabar 2017ko abu. 1a, 11:49

Etxauri plazan egin dute agerraldia Mugimendu Feministako kideek. /Alea

Eraso sexisten kontrako protokoloa aurkeztu du Mugimendu Feministak Gasteizko jaietarako; salaketen berri emateko telefonoa 688 718 701 izango da.

"Libre bizi nahi dugu, ez gara inoren morroi, eta jaiak askatasunean eta gozatzen disfrutatu nahi ditugu". Hitzokin laburbildu du mugimendu feministak Gasteizko jaien atarian egindako agerraldia. Izan ere, Euskal Herriko hainbat txokotan jaiak hasi zirenetik, hainbat eraso sexista izan dira eta alarma piztu dute beste urte batez. "Argi dugu ez direla kasu isolatuak, egitura arazo bat dela hau eta sistema heteropatriarkalak eraso eta hil egiten gaituela".

Jaietan erabiltzen diren aitzaki askoren aurrean (drogak, jaiak, gaueko ordu txikiak…), eraso bat ez duela ezerk justifikatzen gogoratu dute. “Eraso sexista bat fisikoa (edo ez) den eraso bat da, genero, sexu orientazioa edota itxura fisikoari dagozkion estandar sozialak ez betetzearen ondorioz ematen dena. Heteropatriarkatuaren zapalketa forma bat da, gure egunerokoan eta guneetan etengabe agertzen dena”.

Autodefentsa feminista

Eraso sexistei aurre egiteko erreminta nagusia Autodefentsa Feminista dela gogoratu dute. “Indarkeriaren errora jo eta indarkeria sexistarekin amaitzeko tresna, jarrera eta erreakzio guztiak barnebiltzen ditu”. Hiru ardatz nagusitan azaldu dute: – Auto: “Gu geu garelako gai eta ez dugulako salbatuko gaituen inor behar”. – Defentsa: “Legitimitate guztia dugulako eraso guztien aurrean erantzuteko”. – Feminista: “Indarkeria matxistari errotik aurre egiteko modua”.

Hala, jai eremu batean erasotua izan den norbait hurbiltzen bada, lehentasun osoa honek daukala nabarmendu dute. "Zerbitzatzen, musika jartzen … Dena bertan behera utzi behar da: erasotuak esaten duena entzun, lagundu eta babestu behar da". Norbait erasotua edo molestatua izaten ari dela ikusiz gero, halaber, erasotuari laguntza behar duen galdetu eta laguntza hau eskainiko zaio. Laguntzarik behar ez duela esanez gero, ez da tematu behar. Baietz esanez gero, ordea, jai gunearen arduradunari, zein mugimendu feministaren arduradunari, erasoaren berri eman behar zaio.

Erasotzailea gunetik kanporatua izango da. "Hasiera batean, hala egin dezala eskatuko zaio; ez badu egiten, jai gunetik kanporatuko du Mugimendu Feministak. Horretarako, aipatutako Autodefentsa Feministaz baliatuko dira, giza kate bat eginez horretarako. Erasoen kontrako kuña ere jarriko da jai gunean".

Mugimendu Feministak elkarretaratzea deituko du erasoa gertatu eta hurrengo egunean: Andra Maria Zuriaren enparantzan izango da hau. Horretaz gain, erasoa salatzeko musika kuña eta sirena hotsak jarriko dituzte jai guneetan 00:00etan. Erasoak salatzeko telefono zenbakia 688 718 701 izango da, 24 orduz.

Ekitaldiak

Gasteizko txosnetan egun bakoitzak aldarrikapen bat izango du. Azkenengo urteetan bezala, Mugimendu feministak abuztuaren 9an ospatuko du Egun feminista. “Transzeledontzia Eguna” izena jarri diote egunari eta ekimen ezberdinak egogno dira jaietako azken egunean:

  • 13:30 Poteo musikatua Alde Zaharretik
  • 15:00 Bazkari feminista -Txartelak Txapelarri tabernan salgai-
  • 17:00 Performancea
  • 19:00 Sormen tailerra
  • 21:00 Ekitaldia 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago