"Edabe magikoaren beharrik ez dago: nire liburuak onak dira"

Juanma Gallego 2017ko abu. 3a, 12:00
Eva Garcia Saenz de Urturi. Argazkia: Planeta

Gasteizen girotutako haren eleberriek arrakasta handia lortu dute; horren atzean, ahalegin asko eta idazkuntza eskoletan ikasitako teknikak daudela esan du idazleak. Txupinazoa botatzea egokitu zaio aurten.

Aurtengo txupinazoa botatzeko ardura Eva Garcia Saenz de Urturi (Gasteiz, 1972) idazleari egokitu zaio. Duela bost urte, La saga de los longevos izeneko eleberriari esker lortu zuen bere lehen arrakasta; baina, bereziki, El silencio de la ciudad blanca lanarekin eskuratu du ospe gehien. Argitaletxeak emandako datuen arabera, liburuak 100.000 kopia baino gehiago saldu ditu. Bigarren zatia kalean da, eta hirugarren bat ere idazten ari da orain. Gasteizen kokatuta, nobela beltza eta bertoko historia baliatzen ditu egileak istorioa girotzeko. 

Pasarte historiko asko jasotzen dira zure eleberrietan. Zergatik? 

Beti izan da nire zigilua. La saga de los longevos lanean ere ezinezkoa den abiapuntu batetik abiatu nuen istorioa; baina, hortik aurrera, historia eta arkeologia nagusi ziren. Idatzi ditudan eleberri guztiek didaktismo historikoaren zentzu hori daukate. Nire gogoa da irakurlea gustura egotea eta errealitatetik ihes egitea. Baina, horrez gain, irakurleak historiari buruz zerbait ikastea ere nahi dut. Azken trilogia honetan, nire jaioterriari buruz hitz egin nahi nuen: Gasteiz eta Araba. Nik dakidan guztia luzatu nahi izan diot irakurleari, baina zerbait geldoa eta aspergarria egin gabe. Thriller bat izanda, pultsuek azkar pasatu behar dute, eta, irakurlearengan beti irakurtzen jarraitzeko gogoa piztu behar da.  

Historiak pisu handia izanda ere, zure lanak ez dira, berez, eleberri historikoak. Historia eleberri beltzarekin tartekatu duzu, eta, aurrekoan, fantasiarekin... 

Bai, izan ere, niri beti gustatu izan zait jakitea beste garaietan zer gertatu zen. Baina, halere, inoiz ez dut ahazten fikzioa idazten ari naizela. Nik asmatzen dut istorioa. Ez dut uste inoiz eleberri historiko "purua" idatziko dudanik. Halako kasuetan, garai baten inguruan ezagutzak dituen irakurle batentzat batere intrigarik ez dago, jakin badakielako pertsonaiari zer gertatuko zaion.

Lehen liburua zure kabuz argitaratu zenuen, Interneteko denda ezagun batean. Autoedizioa eta argitaletxeen mundua ezagutu dituzu, beraz. Zein nahiago duzu? 

Autoedizioan ibilitako egile baten etiketa jartzen didate askotan, baina bi aste baino ez nuen iraun horrela. Liburu hori formatu digitalean argitaratu nuen, agente literarioen erantzuna itxaroten nuen bitartean. Batez ere, jakin nahi nuen ea, irakurleren bat izatekotan, nire eleberri horretaz zer nolako iritzia izango lukeen. Ez nuen espero ordu gutxitan "birala" bihurtzea, eta, denda horretan, irakurrienen artean egotea. Hau 2012ko otsailean izan zen. Paperean agertu zenean, 17 egunetan agortu zen lehen argitalpena. Beraz, autoedizioaren esperientzia oso laburra izan zen.  

Editoreek ere askotan aitortzen dute ez dakitela arrakastaren formula zein den. Zure ustez, nondik datorkizu? 

Funtsean, lan asko dago atzean: baliabide literarioen ezagutza zabala, eta garapen zein hobekuntza lan etengabea, bost eleberritan zehar. Zentzu horretan, irakurleen erantzuna funtsezkoa da. Irakurleak du azken hitza, eta argitaletxeek liburu bat edo beste bat bultzatuta ere,  irakurlearen gomendioa ez badago atzean, hilabete batean argitaletxearen apustu horrek airea galduko du eta desegingo da. Urtebetez, El silencio de la ciudad blanca gehien irakurritako liburuen artean egon da, eta bigarrena bidean dago. Horrek esan nahi du jendeak gustuko dituela liburu horiek. Ez da, hortaz, edabe magikorik bilatu behar. Bedeinkatua izaten bada, zerbait izango du urak, ezta? Liburu onak dira, jendeari gustatzen zaizkio. Irakurleak hunkitzeko modukoak dira. Jendeak gustuko du horiek gomendatzea, gomendio horiek huts egiten ez dutelako. Liburuak aho mihitan dabiltza, eta horrek oso ondo funtzionatzen du. Liburuak sinatzen ditudanean, bitxia da ikustea jende asko hainbat libururekin datorrela, gero horiek oparitzeko. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 116. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide