Pil-pilean dauden gaiak aztertuko dituzte 'Kazetaritza bertatik bertara' jardunaldietan

Erredakzioa 2017ko uzt. 31a, 14:32

Afrika eta Ekialde Hurbileko eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria hizpide izango dituzte Gasteizen, abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte.

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak egingo dira Gasteizen, abuztuaren 28tik irailaren 2ra arte. Bertan, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute. Bosgarren ediorako, egitarau zabala aurkeztu dute, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begiratuko duena: Ekialde Hurbila, Afrikako bihotzeko indarkeria, eta Frantzia zein Estatu Batuetako egoera politiko eta sozial berria, besteak beste.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, eta bertan izango dira leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk. Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Joseba Zalakain gai sozialetan espezializatuko kazetaria; Mikel Reparaz EITBren berriemailea AEBetan; Rocio Lopez argazkilari eta irakaslea; Ricardo Garcia Vilanova kazetari eta bideo-kazetaria; eta Alexandra Gil kazetaria eta terrorismo yihadistan espezializatutako idazlea izango dira gonbidatuen artean.

Argazki-erakusketa, kalean

Argazki-erakusketa bat ere izango da kalean, Judith Prat prentsa-argazkilari aragoiarraren Boko Haram,  indarkeria Afrikaren bihotz ekonomikoan. Erakusketan, 2015. eta 2016. urteetan egindako argazkiak ikus daitezke; Boko Haram-ek baliatutako indarkeria adierazten dute eta herritarrengan zer nolako ondorio suntsitzaileak izan zituen. Europa biltzar jauregiaren ondoan kokatuko da, abuztuaren 11tik irailaren 3a arte.

Argazkiak ez ezik, jorratuko diren gaien inguruko pelikulak ere izango dira ikusgai. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Azkenik, berritasun gisa, irailaren 1ean Desertuko biztanleei buruz errezitaldia egingo da Europa jauregian: Ricardo Garcia Vilanovaren argazkiak proiektatzen diren bitartean, Bernardo Atxagak bere testuetako batzuk errezitatuko ditu, eta Anari kantariak bere lanetako batzuk interpretatuko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago