Bizikletentzako aparkaleku estaliak instalatuko ditu udalak

Erredakzioa 2017ko abu. 10a, 13:48

Postetxearen atzealdean aparkaleku estalia jarri zuten proba bezala.

Olagibel kalean, Postetxearen atzealdean, Unibertsitateko ibilbidean, Errota kalean eta Mendizorrotzeko aparkalekuan instalatuko dira ordainpeko aparkaleku berriak.

Udalak bizikletak aparkatzeko bost modulu estali eta seguru instalatuko ditu, eta bakoitzak 50 leku izango ditu. Dagoeneko, Tokiko Gobernu Batzarrak azpiegitura horien horniketa eta kudeaketaren kontraturako baldintza-agiria onetsi du.

Aparkaleku hauek Olagibel kalea, Adatseko Andre Mariaren kalea (Postetxearen atzealdea), Unibertsitateko pasalekua, Errota kalea eta Mendizorrotzako aparkalekuan instalatuko dituzte.

Modulu estali eta irisgarriak erabiliko dira aparkalekuetarako, eta 50 bizikletarentzako edukiera izango dute. Erdian maniobrak egiteko lekua utziko da, eta bizikletak bi aldeetan kokatuko dira. Proiektu honen bidez, Gasteizek bizikletentzat 250 leku irabaziko dituela adierazi du udalak.

Proiektua Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuan sartu zen. Kontratuaren barruan, orobat, sarbideen kontrola, erabiltzaileen alta eta bajen kudeaketa, abonamenduen ordainketa eta azpiegituren mantentzea sartuko dira, instalazioarekin batera.

Proposatutako tarifak

Zerbitzua une jakin batean, zein epe luzeagoan erabili ahalko da, hurrengo tarifa hauen arabera:

MAX6 abonamendua: bizikleta hilabete natural batez aparkatzeko aukera ematen du. Sei egun geratu ahal izango da bizikleta, gehienez, aparkalekuan. Prezioa 6 eurokoa izango da, hileko.

MAX3 abonamendua: bizikleta hilabete natural batez aparkatzeko aukera ematen du. Hiru egun geratu ahal izango da bizikleta, gehienez. Prezioa 3 eurokoa izango da, hileko.

MAX6 eta MAX3 abonamenduetako egunak gainditzea: bi tarifak aukera ematen duten gehieneko aldia gaindituz gero, jabeak bizikleta aparkalekutik mugitu gabe egiten duen egun bakoitzeko 0'5 euro ordaindu beharko ditu.

MAX1 abonamendua: bizikleta egun batez aparkatzeko aukera ematen du. Prezioa euro batekoa izango da egunean, eta gehieneko aldia gaindituz gero, euro bat ordaindu beharko da egun edo zati bakoitzeko. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago