Hamar sarrera kontrol jarriko dituzte txupinazoan

Erredakzioa 2017ko abu. 3a, 21:07

Beste urte batzuetan baino lehenago joatea gomendatu du Udalak, "plazara arintasunez sartu ahal izateko eta kontroletan jendea pilatu ez dadin". Beirarik eta objektu arriskutsurik sar ez dadin kontrolatuko dute.

Gasteizko jaietan segurtasuna zaintzeko baliabide bereziak prestatu ditu Udalak, eta Zeledonen jaitsiera izango da lehen une garrantzitsuena, izan ere, beirazko botilak eta ontziak sartzea debekatu da lehen aldiz, baita bertaratuentzat arriskutsu izan daitezkeen objektuak ere.

Debekua betearazteko, Andre Maria Zuriaren eta Espainia plazetako sarbideak kontrolatzeko hamar gune jarriko dira, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek eta garbiketa monitoreek zainduta. Zehazki, leku hauetan jarriko dira kontrolak: Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen eta San Roke kantoiaren arteko bidegurutzeetan (Prado kalearen eta Becerro de Bengoa kalearen arteko bidegurutzea, Loma Jeneralaren plazarako sarbideak Legebiltzarretik, Dato kalerako sarbidea Alaba Jeneralaren kaletik, Olagibel kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko bidegurutzea, Posta kalerako sarbidea Urrezko Zeledonen plazatik eta San Frantzisko aldapako sarbidea.

Kontrol hauek direla eta,  Zeledonen jaitsierara eta igoerara beste urte batzuetan baino lehenago joateko gomendatu die Gasteizko alkate Gorka Urtaranek herritarrei, plazara arintasunez sartu ahal izateko eta kontroletan jendea pilatu ez dadin.

Herritarrak ez ezik, eremu mugatuan dauden tabernei ere debekatu zaie kanpora atera daitezkeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan edariak zerbitzatzea, eta plastikozko ontziak (erabilera bakarrekoak edo birziklagarriak) baliatu beharko dituzte. Horrez gain, Zeledonen jaitsieran honako elementu hauek ere debekatu dituzte; erosketa orgak; objektu gogor, zorrotz, puntazorrotz edo arriskutsuak; makilak; makuluak, eta abar, hau da, zuzenean edo zeharka pertsonentzat lesio-arriskua dutenak edo jende-oldeak zein ondasunetan kalteak sor ditzaketen mugimendu jendetsuak eragin ditzaketenak.

Bestetik, osasun arreta  emateko zazpi gune jarriko dira, besteak beste, Plaza Berrian, Postetxearen atzealdean, Katedral Berrian eta San Migeleko eskaileretan. 

Indarkeria matxista

Udaletik ohartarazi dutenez, jaietako egun horietan lapur txikiak dira ohikoenak, besteak beste, diru-zorro eta mugikorren lapurretak. Hori dela eta, udaltzainen eta ertzainen presentzia areagotuko da erdiguneko kaleetan. Horrez gain, indarkeria matxistaren kasuetan poliziaren erantzuna azkarragoa, eraginkorragoa eta sendoagoa izan dadin, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bide publikoan eta arrisku maila handiagoa duten lekuetan —benetakoa edo itxurazkoa izan— zaintzeko ekintzak eta patruilen presentzia koordinatu dituzte.

Baliabideak

Segurtasun baliabide horiek garatzeko, 90 udaltzainek egingo dute lan abuztuaren 4an, eta 40 eta 60 artean gainerako egunetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago