Martin Gartziandiak ez du Gasteizko sindiko kargua berrituko, eta azaroan amaituko du 2012. urtean hasi zuen lana. "Ez naiz berrautaketara aurkeztuko; oso balorazio positiboa egiten dut zerbitzuan egin dugun lan handiaren inguruan; inork inoiz lagunduko ez zituen pertsonak lagundu ditugu ere, eta horregatik oso harro nago", adierazi du Gartziandiak. "Lo ordu asko kendu dizkit lanak, oso urte gogorrak izan dira herritarrentzat, eta zerbitzuan lan egiten dugunontzat ere", argitu du.
Sindikoaren bulegoaren 2016. urteko balantzearen aurkezpena baliatu du Gartziandiak agur esateko. Udal talde politikoei ohartarazi die abenduaren 1etik aurrera ez dela lanean izango, baina ordu arte "lanak ematen" jarraituko duela.
2012an aukeratu zuten Gartziandia, polemika handiaren ostean; izan ere, udal talde politikoak ez ziren ados jarri ordu arteko sindiko Javier Otaola ordezkatzeko. Javier Maroto garaiko PPko alkateak mehatxu egin zuen zerbitzua bertan behera utziko zutela. EAJk, PSEk, eta EH Bilduk proposatuta, aho batez aukeratu zuen Gartziandia Udalak.
%25 igo da bizilagunen kexen kopurua, 2016an
Gasteizko bizilagunek Sindikora jotzen dute gero eta gehiago, laguntza bila. 2016. urteko memoriaren arabera, urtetik urtera igotzen joan da aurkeztutako kexen kopurua. Hala, 2015. urtearekin alderatuta %25 igo da zenbateko hori. Denera, 286 auzi aztertu ditu herritarren defendatzailearen bulegoak 2016an, gainera, gehienak (216) kasu berriak izan dira. Joera horri eutsiko diote ere aurten. Lehen seihilabeteko datuen arabera, %42 handitu da bulegoan jaso dituzten auzi berrien zenbatekoa. "Datuak ikusita, kasuen hazkundea bi arrazoirengatik eman daiteke; administrazioaren zabarkeriarekin lotuta egon daiteke edo jendeak guganako konfiantza duelako".Nabarmentzekoa da, gainera, Sindikora jotzen duten lagunei arrazoirik eman ez arren, bigarren aldiz joaten direla. "Neutraltasuna, zintzotasuna eta konpromisoa erakutsi dugu herritarrekin. Ni neu bost urte hauetan milatik gora lagunekin bildu naiz", nabarmendu du Gartziandiak. Alta, hobetzeko dituzten alderdien artean, denbora ratioak murriztea aipatu du Sindikoak. Zerbitzuak landutako gai nagusienen artean, azpimarratu ditu igogailuak zero kotatik jartzeko lonjako jabeekin sortu diren arazoak, plusbalioaren zergaren kudeaketa, eta Alde Zaharrean zaratarekin bizilagunek dituzten arazoak.