Ohikoa den bezala, ikasturtearen hasierarekin batera, Magialdia iritsiko da berriz ere Gasteizera. Aurten, 29 urte beteko ditu nazioarteko jaialdi honek, eta egitarau zabala eskainiko du.
Irailaren 10etik 17 bitartean, 12 herrialdetatik etorritako 35 artista bilduko dira. Besteak beste, Korea, AEB, Argentina edo Errusiatik etorritakoak ikusi ahal izango dira. Guztira, 75 ikuskizun eskainiko dira, 25 agertokitan.
Horretaz gain, 350 mago profesionalek eta amateurrek baino gehiagok Europa biltzar etxeko lan jardunaldi espezializatuetan hartuko dute parte. Haientzat bereziki antolatu diren ekintzen artean magiari buruzko liburuen aurkezpenak daude.
Hala, magia emanaldiek Gasteizko leku desberdinak hartuko dituzte: Plaza Berria, erdialdeko erakuslehioak, Txagorritxu ospitala edo Dendaraba. Bestetik, magia ibilaldiak magia hurbiletik ikusteko aukera emango dute, eta ohiko lekuetan izango dira: Sokaren Etxea, Bibat museoa, Montehermoso eta Santa Maria Katedrala fundazioa. Ignacio Aldecoa kultura etxean barruko ikuskizunak eskainiko dira, eta Fournier Karta Museoan, magia ibilbide eta tailerrez gain, mago eta prestidigitadoreen inguruko ilustrazioen erakusketa antolatu da.
Duela urte batzuk ospatzen hasi zen gala solidarioarentzat ere lekua egongo da. Aurten, Nahia Garcia Gerboles ume gasteiztarraren alde izango da, hitz egitea eragozten dion sindrome epileptikoa baitu. Gala Vital Kutxa Fundazioaren aretoan egingo da, Dendaraban, eta Mag Marin mago kataluniarrak Artimaña ikuskizuna eskainiko du.
2013an sortu zen Off Festibal formatua aurten ere mantenduko da. Hala, hiriko ostalaritza establezimenduetan egingo dira magia ikuskizunak, agertokirik gabe eta bezeroen ondoan.
Jarduera gehigarriak
Beste jarduera batzuk egongo dira ere Magialdiaren zehar. Alde batetik, Bibat museoan, umeek magia tailerrak euskaraz izango dituzte, eta baita kartak marrazteko aukera ere. Horrez gain, ikasleentzako magia eskainiko dute Lakuako gizarte etxeko Federico Garcia Lorca antzokian.
Euskararen presentzia
Nabarmentzekoa da ere aurtengo edizioan euskarak izango duen garrantzia; izan ere, lau jarduera egingo dira euskaraz: magia tailerrak, Uraren Ezkutuko Lorategiko familientzako gala, ikasleentzako magia eta Asier Kidam mago gasteiztarraren ikuskizuna.