Azkeneko eraso matxisten kontra, plaza betea Gasteizen

Erredakzioa 2017ko uzt. 25a, 20:13

Ehunka lagun elkartu dira Gasteizen, asteburuan izandako eraso matxistak salatzeko. / E. Anda

Erasoak gaitzesteko, halaber, goizean elkarretaratzea egin dute agintari politikoek Plaza Berrian.

Azkeneko gertakariak salatzeko, Gasteizko Udalak kontzentrazioa deitu du gaur goizean, Plaza Berrian, Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean. Udalak adierazi du erasoa "irmotasunez" gaitzesten duela eta haren aurka dagoela. 

Arratsaldean, berriz, Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatu du, eta kontzentrazio bat deitu; Erasorik ez erantzunik gabe lelopean, Andre Maria Zuriaren plaza lepo bete da asteburuko erasoak salatzeko.

Bortxaketa

Izan ere, emakume batek salatu du bortxatu egin zutela igandean, Gasteizen. Ertzaintzak atzo goizaldean atxilotu zuen erasotzailea, eta epaileak kartzelatzeko agindua eman du. 31 urteko gizonak geltokira autoz eramango zuela esan zion emakumeari; hark onartu egin zuen, eta autoan bortxatu zuen.

Beste alde batetik, larunbat goizaldean eraso egin ziotela salatu zuen beste emakume batek. Gasteizko Lakuabizkarra auzoan jazo zen erasoa, biktima etxerako bidean zela. Igogailura sartzear zegoela, atzetik eraso zion gizon batek, eta ukituak egin zizkion. Emakumeak gizona bultzatu eta ihes egitea lortu zuen; oihuen ondorioz, alde egin zuen gizonak. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago