Ahaleginaren emaitza goxoak

Juanma Gallego 2017ko uzt. 25a, 12:52

Blusen eta Nesken egunarekin batera, festa era lasaiagoan bizi nahi dutenek badute aukera: urtero unibertsitateen eremuan ospatzen den azokak makina bat kontu eskaintzen du. Tartean, makinak ere.

Santiago eguneko ezinbesteko hitzordua bilakatu da EHUko campusean burutzen den azoka. Arabako nekazaritzak eta abeltzaintzak urtean emandakoa gertutik ezagutzeko aukera ematen du azokak. Aurten 45 ekoizle inguruk parte hartuko dute Arabako produktua: lan arduratsuaren emaitza leloa izango duen ekimenean.

Landa eremuko lana egun nolakoa den eta nondik datorren ezagutzeko, makina erakusketa izango da azokan. Antzinako makinei dagokienez, honakoak izango dira aurten ikusgai egongo direnak: garia jotzeko Ajuria makina, Land 38 traktorearekin; Ajuria sega eta lotze-makina, Astoa traktorearekin, eta Ajuria haize-makina. Horiei esker, garai bateko bizitza irudika daiteke.  

Zorionez, teknologiak aurrera egiten du etengabean. Horregatik, makina berriak ere erakutsiko dituzte: 90 zaldi-potentziako eta 6 metroko luzera duen lastoztatze eta banatze makina, amaiera gabeko nahaste-makina (6 m-ko luzerakoa),  dISC-LAN are azkarra eta Chisel makina. Horrez gain, ganadu erakusketa eta baserriko produktuen salmenta egongo da. 

Aurkezpenak

Gainerako ekitaldiei dagokienez, Uagalur erakundearen eskutik, tokian tokiko merkatua sustatzeko egitasmoaren berri emango dute. Bestetik, Arabako Mendietako produktuen irudiaren aurkezpena egiteko baliatuko dute aurtengo Santiago azoka.

Gainera, dastamenaren laborategia garatuko dute tokiko zortzi adituk, Arabako abeltzaintza eta nekazaritza ezagutarazteko eta sustatzeko. 72 lagunentzako lekua egongo da bertan. Txartelak informazio-gunean eta karpa zentralean egongo dira salgai. 

Bukatzeko, sari-banaketa egongo da, lau kategoriatan banatuta: erakusmahai onena, tokiko ekoizlearentzako saria, Slow Food saria, eta, azkenik, parte-hartze eta proposamen ludikoen saria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago