Duela 40 urte ikurrina Gasteizko udaletxean jarri zutela gogoratuko dute gaur goizean, Blusen Egunean berriro igota. Alkateak eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte euskal banderari eta 1977an Udalbatzan aho batez jartzea erabaki zutenei egin den omenaldian. Orduko politikari Jose Vidal Sucunza eta Celestino Gonzalezek ere parte hartu dute ekimenean, baita garai hartan blusa izandako Jose Ignacio Arce, Iñaki Herrera eta Pedro Lopez de Abetxuko.
1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zen ikurrina. Urte hartan, Santiago eguna baino egun batzuk lehenago, blusek eskatu zuten Gasteizko udaletxean eta beste udal eraikin batzuetan jar zezaten. Hamalau alderdik ere eskatu zioten garaiko alkate Alfredo Marco Tabarri. Handik egun batzuetara, Udalbatzak aho batez onetsi zuen.
Ikurrinari omenaldia
Duela 40 urte, uztailaren 25eko goizeko bederatzietan igo zuen ikurrina, Blusen Eguneko dianekin batera. Garaiko kroniken arabera, jende ugari bildu zen, eta txalotu egin zuten bandera jarri zenean. Maria Jesus Agirre, Merche Villacian eta Jose Perez de Valderrama arduratu ziren igotzeaz, blusen ordezkari batek lagunduta.
Gaurkoan Celestino Gonzalez eta Pedro Lopez de Abetxukok igo dute ikurriña, agintari politikoekin batera. Ohorezko aurreskua ere dantzatu dute eta Udal Bandak Gora ta gora eta Zeledonen kantak jo ditu. "Ikurrinari omenaldia egin nahi diogu gaur, baina batez ere bere ofizialtasuna defendatu zuten kolektibo eta pertsonei. Horrekin defendatu zuten, banderaz gain, gure kultura, gure hizkuntza eta etorkizun hobe bat, bake eta askatasunean oinarritutakoa”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.