Musika eta zinema batzen dituzten gauak dira udakoak Gasteizko Falerina lorategian. Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik, eta aurten Filmazpit eta Zineleku proiektuekin elkarlanean, emanaldiez izarren azpian gozatzeko aukera izango da beste behin. Hirugarren ziklo honetan, Frank Zappa, Janis Joplin eta Sid Vicious 60 eta 70eko hamarkadetako musikari ospetsuak izango dira protagonista, bertako Lou Topet eta Montauk Duo taldeen kontzertuekin batera.
Arratsaldeko solasaldiek pelikula eta kontzertuei egingo diete lekua 22:00etatik aurrera, Falerinan, uztailaren 26tik 29ra. Guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin eskainiko dituzte.
Lehenengo saioan, hilaren 26an, Frank Zappa musikariaren topaketa intimoa ekarriko dute, argazki ezezagunen bitartez; Thorsten Schuttek zuzendutako Eat that question: Frank Zappa in his own words dokumentala eskainiko dute.
Janis Joplin abeslari estatubatuarraren bizitzaren dokumentala ikusi ahal izango dute hurrengo egunean, hark idatzitako eskutitzak oinarri dituen lanean; AEBetako Amy Berg-ek zuzendu du Janis: Little girl blue dokumentala.
Ostiralean, berriz, hilaren 28an, Danny Garcia zinegilearen Sad Vacation: the last days of Sid and Nancy eskainiko dute. 1978an Chelsea hotelean jazotako zoritxarreko gertakari bat izango du hizpide: Nancy Spungen, Sex Pistols punk taldeko kide izan zen Sid Vicious musikariaren bikotea hilda agertu zen, eta gertakari hori izango du dokumentalak abiapuntu.
Krispeten ostean, kortxeen gaua izango da, uztailaren 29an, zuzeneko kontzertuekin. Lou Topet eta Montauk Duo elkartuko ditu jaialdiak. Montauk gasteiztarrak bikote formatuan arituko dira (Beñat Goitia eta Jon Aranburu) ambience rocka pop gordinenarekin uztartuta. Ondoren, Lou Topet taldearen folk-rock soinuek beteko dute Falerina lorategia.