"Beti eskertuko diot Ivani 10 urte ditudanetik nire alde borrokatu duelako". Hitz horiekin eman zion bukaera Carlos Divarrek Mendizorrotzako XXXII. Open Nazionalari. Finala Araban jaiotako bi tenislari handiren arteko partida ederra izan zen, 19 urteko Carlos Divar eta 39 urteko Ivan Rodrigoren artekoa. Ikusmin handiz jaso zuen jendeak norgehiagoka: bi tenislariak klub berean hasi ziren tenisean jokatzen, biak joan ziren atzerrira hobetu ahal izateko, eta biek lortu izan dituzte gauza handiak tenisaren munduan.
Mendizorrotzan elkarketa giroa somatzen zen atzo: Araban jaiotako bi tenislari onenek aste osoan zehar jokatutako txapelketari paregabeko amaiera eskaini zioten. Alde batetik, Divarren itzulerak garrantzia handia hartu zuen, izan ere, txikitan Mendizorrotzako Tenis Eskolan egon ostean, Kataluniako Errendimendu Handiko Zentrora abiatu zen, eta mundu osoan zehar lehiatzen da. Beste alde batetik, Rodrigok, Stanislas Wawrinka edota Pete Sanprasekin jokatu izan duenak, partida ilusio handiz hartu zuen, txiki-txikitatik klubeko bazkide eta jokalari izan delako.
Finalean bizitako guztia jokalariek esandakoetan laburtzen da: "Ondo dago sustraietara itzultzea" zioen Rodrigok. "80. hamarkadan ekin nion nik pista hauetan jokatzeari, oraindik belarrezkoak zirenean. Gehien pozten nauena da denbora pasata ere oraindik hemen jokatzeko aukera dudala, horrek ondo sentiarazten nau". Divarrek, Ivanwekiko esker hitzak besterik ez zituen: "Beti izan da eta beti izango da erreferente bat, hona natorren bakoitzean egurra emateko prest dago, eta zorionak eman behar dizkiot oraindik ere hain maila handia izateagatik".