Mendizabalako zirkuan animalia basatiak daudela salatu dute

Erredakzioa 2017ko uzt. 21a, 10:40

Irudia: Gran Circo Mundial

Munduko Zirku Handiak Gasteizko animalien babeserako araudia beteko duela adierazi du, baina zirkuaren kanpoaldean elefanteak eta lehoiak ikus daitezke. 

Egunotan Mendizabalako azoka-barrutian animalia basatiak daudela salatu dute Podemos eta Irabazi udal taldeek. Animalia hauek egunotan bertan kokatuta dagoen Munduko Zirku Handiarenak dira, eta, legea bete eta ikuskizunean ez erabiltzeko konpromisoa hartu arren, Gasteizera ekarri dituzte animaliak. Hala, zirkuaren kanpoaldean lehoiak eta elefanteak ikus daitezke, kaioletan sartuta.

Bi alderdi politikoen iritziz, egoera honek "kontraesan" bat suposatzen du, eta "ez dator bat Animalien Babeserako Araudiaren izaerarekin, ezta Gasteiz animalien tratu txarrik gabeko hiria izendapenarekin ere". Izan ere, 2015eko irailean Udalbatzak onartu zuen araudiak animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatu zituen.

Hala, Jorge Hinojal eta Oscar Fernandez bozeramaileek udal gobernuaren "hipokrisia" salatu dute, "ikuskizunetan animalia basatiak erabiltzen dituzten zirkuak kontratatzen dituelako". Era berean, Gasteizko jaietan Iradier Arenan egingo diren bigantxa ikuskizunak araudiaren kontrakoak direla gaineratu dute.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago