Maiatzaren 18an auzoko argindar hornikuntza eten ostean, Errekaleorreko auzokideek energetikoki auzo burujabea izateko asmoaren berri eman zuten. Auzokideen behar energetiko horiek asetu ahal izateko, 550 eguzki plakako instalazioa martxan jartzeko proiektuaren berri eman zuten, eta finantzazioa lortu ahal izateko diru bilketa kanpaina martxan jarri zuten.
Ezarritako 50 eguneko epea agortu aurretik, 100.000 euroko finantzazioa gainditzea lortu dute Errekaleorreko bizilagunek. Behin kanpaina amaituta, proiektuari babesa eman dioten norbanako eta elkarte zein kolektibo ezberdinei eskerrak emateko adostutako opari eta sariak emango zaizkie.
Hasiera batetik instalazioa modu komunitarioan garatzeko planteamendua egon da, eta etxebizitza bloke bakoitzean instalazioak egin beharrean, auzo osoa energiaz hornituko duen instalazio zentralizatua egitea planteatzen dute bizilagunek. Zentral horretan kokatutako eguzki plakei esker, energia ekoiztu eta auzoko kontsumoa kontrolatuko da. Instalakuntza honi esker, Errekaleor auzoa Euskal Herriko irla energetiko handiena bilakatuko da.