Eraso matxisten aurkako protokoloa berritu du udalak

Erredakzioa 2017ko uzt. 19a, 13:34

Protokoloa urte osora zabaltzeko asmoa du. Jaietan arreta eta prebentzio zerbitzuak indartuko dituzte.

Gasteizko udalak eraso matxisten aurkako protokoloa berritu du, eta asmoa urteko 365 egunetara zabaltzea da. Horrez gain, indarkeria matxista ekiditeko estrategia globalaren barruan berariazko programazioa aurreikusi da Andre Maria Zuriaren jaietarako. Besteak beste, informazio gune bat jarriko da Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean. 

Hala, jaietan materialak eta mezuak zabaltzeko kanpaina diseinatu du udalak. Batetik, hiriko lau sarrera nagusietan Vitoria-Gasteiz, eraso matxistarik gabeko hiria mezua daramaten seinaleak jarriko dira, eta urte osoan utziko dira. Bestetik, udalak 10.000 txapa, 4.000 gida, kanpainiaren leloa daramaten jaietako 2.000 zapi, banderatxoak, eszenatokietan jartzeko olanak eta 280 kartel banatuko ditu.

Horrez gain, Gazteria Zerbitzuak Eta zu, nola moldatzen zara? Ligatzean, beti sano eta begirunez jokatu izeneko komiki bat landu du Berdintasun Zerbitzuarekin koordinatuta. Komikiak nola jokatu behar den eta nola ez azalduko du, eta 4.000 ale banatuko dira.

Arreta eta prebentziorako baliabideak

Urtero bezala, arreta eta prebentziorako baliabideak indartuko dituzte jaietan. Hala, psikologo batez eta gizarte langile batez hornitutako 24 orduko zerbitzu bat eskainiko da.  Bestetik, egun osoko arreta izango duen telefonoa izango da (945134444), Udaltzaingoaren 092 telefonoaz gain.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago