Iragana eta oraina, biek eskaintzen dute arteaz gozatzeko aukera. Seguruenera, Santa Maria katedrala eta Artium museoa dira, Gasteizen, atzoko eta gaurko artearen erakusleihorik ezagunenak.
Horiek biak batera ezagutzeko parada egongo da uztailean eta abuztuan, Artium museoak antolatutako bisita konbinatuan.
Santa Maria Katedrala Fundazioak zabaldutako ohar baten arabera "Erdi Aroko hiriguneak egungo sorkuntzari zuzendutako museoarekin duen lotura izango da bisita horren ardatza".
Denboran zeharreko bidaia izena jarri diote egitasmoari. Ostegunetan eta ostiraletan egingo dituzte bisitak, 11:00etan. Santa Maria katedraleko kriptan hasiko dira, eta Erdi Aroko tenpluaren ikuspegi orokorra emango dute bertan.
Historia "elementu giltzarria" dela azpimarratu du Santa Maria Fundazioak, finean "uneren batean guztia garaikidea izan delako". Horrez gain, Erdi Aroan zein gaur egun pertsonek existentziarekiko "antzeko kezkak" dituztela diote.
Artiumera joko du gero bisitak, orainaren isla eskaintzeko. Ordu eta erdiko iraupena izango du ekimenak, eta museoko jatetxean mokadutxo bat jango dute ere.