Bi kolektibo berri eta emakumeentzako egun berezia, Gasteizko txosnetan

Erredakzioa 2017ko uzt. 19a, 14:03

Errekaleor Bizirikek eta Berriztuk txosna jarriko dute, eta AEK euskaltegiak jasoko du aurtengo Txosnisaria.

Bi aste besterik ez dira falta Gasteizko jaiei hasiera emateko, eta Txosna Batzordeak aurtengo proposamenaren berri eman du.

Abuztuaren 4an, 20:30ean zabalduko dituzte txosnak, eta 21:30ean izango da inaugurazio ekitaldia. Bertan banatuko dute Txosnisaria. Aurten AEK omendu nahi izan dute, eta harentzat izango da saria. Izan ere, "hainbeste urtetan zehar euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori, eta lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntze aldera".

Errekaleor eta Berriztu, txosna berriak

Bestetik, bi kolektibo berri batu dira Txosna Batzordera: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba. Orotara, hamar kolektibok osatuko dute Gasteizko Txosnak: Askapena, Gazte Karpa, Berriztu Araba, Mugimendu Feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea, Errekaleor Bizirk eta Sukalde Gerrilla.

Hortaz, zortzi txosnek, bi karpek eta karpa amankomun batek osatuko dute txosnagunea. Hala, Gazte Karpak eta Kalera Kalera karpak egitarau berezia eskainiko dute, Bertsozaleen Elkarteak eta Errekaleor Bizirekin batera. 

Emakumeen eguna

Aurtengo berritasunen artean, abuztuaren 7ko kontzertuak daude. Izan ere, "oholtza gainean protagonistak emakumeak izango dira". Egun horretako kontzertu guztiak, alegia, emakume musikarien esku utzi dituzte. Batzordeak adierazi duen bezala, "emakumeok jaien testuinguruan hartzen ditugun rolei buelta emateko ezinbestekoa da".

Bide batez, "jai eredu euskaldun, parekide, anitz, parte hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustuan" berretsi direla aipatu dute. Horrela, Gasteizko Txosna Batzordeak Mugimendu Feministak datozen egunotan aurkeztuko duen eraso matxisten aurkako protokoloarekin bat egin du.

Era berean, argindarrerako hornitzalea aldatu dutela jakinarazi dute: "Urte asko Iberdrolarekin lan egin ostean, aurten gure hornitzailea Goiener izango da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago