Krispiñako azken analisi ia guztietan lindanoa jaso dute

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017ko uzt. 19a, 11:41
Gardelegiko zabortegian neurriak hartzeko exijitu dio Ebroko Ur Konfederazioak Gasteizko Udalari.

Gardelegiko zabortegitik datorren isuria gelditzeko neurriak eskatu dizkio Ebroko Ur Konfederazioak Udalari.

Lindanoaren kutsadurak ez du etenik. Espainiako Gai Arriskutsuen Kontrol Sarearen azken txostenaren arabera, Gardelegiko zabortegitik Zadorrara doan isuri toxiko eta arriskutsua ez da desagertu ezta murriztu ere. Krispiñako araztegian 2016an zehar egin dituzten analisi guztietan, batean izan ezik, HCH edo lindanoa atzeman du Ebroko Ur Konfederazioak. Lindanoa aurkitu ez duten analisi bakar horretan ur-emaria ohi baino handiagoa delako izan dela nabarmendu du erakundeak: "HCHaren isuria etengabekoa da, baina ibaian ur-emaria pixka bat altuagoa denean ez da antzematen". 

2013 eta 2014 urteen artean antzematen hasi ziren lindano gai arriskutsu eta toxikoaren gehiegizko kontzentrazioak Zadorra ibaian, Gasteiz eta Tresponde artean kokatutako estazioan. Zehazki, egin zituzten 23 analisietatik 7tan aurkitu zuten lindanoa. 

2015. urtean, isuriaren jatorria aurkitzeko hainbat kontrol neurri martxan jarri zituzten, Ebroko Konfederazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak, Gasteiz inguruan. Ikuskatzeen ondorioz, jakin zuten Gardelegiko zabortegitik zetorrela isuria. 2016ko martxoan neurriak hartzeko exijitu zion Ebroko Ur Konfederazioak Gasteizko Udalari: "Hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomeroak Krispiñako araztegira ez sartzeko neurri zuzentzaileen programa bat aurkeztu behar du Udalak, eta plan hori gauzatzeko epeak zehaztu behar ditu". Are gehiago, Konfederazioak zehazten zuen isuriaren jatorria Gardelegi izanik "logikoena" zabortegian bertan neurriak hartzea zela.

Gasteizko Ingurumen zinegotzi Alvaro Iturritxak, bere aldetik, Gardelegiko lindano isuriak kontrolatzeko egitasmoa aurkeztu berri du. Egitasmoak jasotzen duenez, lehenik eta behin zabortegia zigilatu eta inpermeabilizatuko dute; ondoren araztegi berri bat eraikiko dute Gardelegin bertan, Krispiñara botatzen duten ura garbitzeko. 

Aurrekonturik ez

Gasteizko Udalaren asmoa da proiektuaren planifikazioa aurten egitea; alta, aurrekonturik onartu ez dutenez, obrak hurrengo urtera arte atzeratuko dituzte. "Premiazko lanak direnak, inpermeabilizazioa eta zigilatzea, lehenbailehen hasteko asmoa dugu", nabarmendu du Iturritxak.

Lehen ere Gardelegiko isurketa konpontzeko programa aurkeztu zion Udalak Ebroko Ur Konfederazioari, baina atzera bota zuen neurri zorrotzagoak behar zirela iritzita.

 

Lantegiek botatako lindanoa 

 

Barakaldo eta Erandioko lantegietatik duela hamarkada batzuk kamioietan ekarri eta bota zuten egun Zadorra ibaia kutsatzen ari den lindanoa. Euskal Herrian, bereziki Bizkaian, bi konpainia aritu ziren HCHa ekoizten: Nexana S.A. –Merck Alemaniako enpresa transnazionalaren filiala– Asuan (Erandio), eta Bilbao Chemical S.A. – Boehringer Alemaniako beste transnazional baten filiala– Ansion (Barakaldo) kokatutakoa. Lehenak 1952tik 1982ra 7.000 tona hondakin sortu zituen, eta bigarrenak 75.000, 1947tik 1987ra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide