Gasteizko gizarte etxeek 369 ikastaro eta jarduera eskainiko dituzte 2017-18 ikasturtean, eta 35.883 gasteiztarrentzako lekua egongo da. Ostegunean zabalduko da izena emateko epea.
Datorren ikasturteko berritasuna Zabalganeko gizarte etxea da. Izan ere, horri esker, iaz baino 4.000 leku gehiago eskainiko dira.
Urteroko eskaintzez gain, ikastaro berriak prestatu dituzte aurtengo ikasturterako. Jarduera artistikorako ikastaroei dagokienez, besteak beste, pintura abstraktua, haurrentzako arte esperimentala, mandalak edo robotika hezitzailea eskainiko dira. Horrez gain, kultur ikastaroak izango dira, eta irakurketa taldeak itzuliko dira.
Izen-ematea eta zozketa
Urtero bezala, jarduera gehienetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron.
Izena emateko epea datorren ostegunean, hilaren 20an, hasiko da, eta irailaren 4ra arte iraungo du. Udalaren webgunearen bidez, telefonoz 010 zenbakira deituz, edo udalaren kirol instalazioetara, gizarte etxeetara eta herritarrei laguntzeko bulegoetara gerturatuz izena eman ahal izango da.
Bestetik, zozketa irailaren 5ean izango da, 11:00etan.