Berriz ere igoko dute ikurrina Blusen Egunean

Erredakzioa 2017ko uzt. 18a, 11:18

Duela 40 urte jaso zuten lehendabiziz Gasteizko udaletxean.

Datorren uztailaren 25ean, Blusen Egunean, ikurrina berriro igoko dute udaletxeko balkoira. Izan ere, 40 urte bete dira ikurrina Gasteizko udaletxean lehendabizi jarri zutenetik. 

Hala, data hori gogoratzeko omenaldia egingo dute Santiago egunean, 09:00etan, Blusen Eguneko dianekin batera. Alkateak eta talde politiko guztien ordezkariek hartuko dute parte omenaldian, eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute. Era berean, egun horretan iznago diren blusa eta neskak gonbidatzea aurreikusi dute.

Lau hamarkada

1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zuten ikurrina. Une hartan, Santiago eguna baino egun batzuk lehenago, blusek eta beste hamalau alderdik, Gasteizko udaletxean eta beste udal eraikin batzuetan jar zezaten eskatu zuten. Handik egun batzuetara, eskaera aho batez onetsi zuen Udalbatzak.

Duela lau hamarkadako uztailaren 25eko 09:00etan igo zuten ikurrina. Garaiko kroniken arabera, jende ugari bildu zen, eta txaloak izan ziren bandera jarri zenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago