Argindarra zuzenean erostea aztertuko du Udalak

Erredakzioa 2017ko uzt. 18a, 10:02

Zehazki, elektrizitatearen handizkako merkatuan zuzenean kontsumitzea edo Udalaren merkaturatzailea sortzeko aukerak aztertuko ditu.

Gasteizko Udalak energia elektrikoa ohikoaz bestelako modu batean erosteko bideragarritasuna aztertuko du, Energiaren Agentziaren bitartez. Zehazki, elektrizitatearen handizkako merkatuan zuzenean kontsumitzea edo Udalaren merkaturatzailea sortzeko aukerak aztertuko ditu. Bigarren aukera horren bitartez, Udalak autonomia handiagoa izango luke erosle gisa, eta soberakinak baliabide gutxiko taldeei lagatzea edo dohaintzan ematea ahalbidetu luke. Podemos udal taldeak egin zuen argindarra erosteko formula berriak bilatzeko proposamena, eta orain azterlana agindu dio Udalak Som energia-Energia gara enpresari, 6.929 euroan.

18 milioiko gastua energian

Egun, Udalaren Energiaren Agentziak dituen datuen arabera, Udalak ia 18 milioi euroko elektrizitate-gastua du (2015eko datuak), argiteria publikoa (3,8 milioi), eraikinak (10,2 milioi) eta beste alderdi batzuk, hala nola garraio publikoa eta berdegune eta lorategien mantentzea (3,8 milioi) batuta. Kontratatutako enpresak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu oraingo elektrizitate-merkatuaren deskribapena eta Udalak izan ditzakeen aukeren ebaluazioa. 

Podemoseko bozeramaile Jorge Hinojalek lortutako akordioa bete izana nabarmendu du, "lehen urratsa" baita "utopia ematen duen baina ez den zerbait lortzeko: Gasteizko udalerriaren burujabetasun energetikoa". 

"Udal eraikinekin eta argiteria publikoarekin hastea positiboa da, baina ez nahikoa. Ahal Dugutik trantsizio energetikoaz ari garenean, udalaren energia merkaturatzaileak gasteiztar orori zuzenean zerbitzu eman ahal izateaz ari gara eta, beraz, arazo ekonomikoak direla kausa berogailua edo bonbilla bat pizterik ez duten etxeetara iristeaz eta pobrezia energetikoaren kontra borrokatzeaz",  gaineratu du taldeko bozeramaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide