Gasteizko Antzerki Jaialdiren 42.edizioa aurkeztu dute gaur. Urriaren 6an hasiko da, eta 31 lan eskainiko ditu , horien artean, hemeretzi estreineko aldiz. "Abangoardia eszenikoa, nazioarte mailako zein bertako sorkuntza eta hizkuntza eszeniko berrien aldeko apustua mantendu dugu", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Hala, Errusia, Erresuma Batua, Argentina, Frantzia, Brasil edo Italiako hamar konpainia hartuko ditu Gasteizko jaialdiak, baina bertako taldeak ahaztu gabe; guztira, hemen ekoiztutako hamahiru lan ikusteko aukera izango da, horietako lau euskaraz.
Nazioarte mailako eskaintza
Gasteizera hurbilduko diren nazioarte mailako taldeen artean, Europan errefente den Declan Donellan eta bere konpainia Check by Jowl aurkitzen dira. Aurtengo edizioari hasiera emango diote Shakespeareren unibertsoan oinarritutako Noche de Reyes lanarekin. Era berean, Londreseko Young Vic eta Parisko Ville antzokiek elkarlanean egindako Golem lana eta Edgar Allan Poeren obran oinarritutako Tiger Lillies taldearen lana ikusgai izango dira, beste askoren artean.
Horrez gain, Juan Echanove, Malena Alterio, Daniel Grao, Adriana Ozores, Fernanda Orazi eta berriki Max saria jaso duen Ainhoa Santamaria aktoreak igoko dira oholtzara. Antzerkigile ospetsuen zuzendaritzapean arituko dira, hala nola Andres Lima, Alfredo Sanzol, Eduardo Vasco, Calixto Bieito eta Gerardo Vera.
Euskarazko lau ikuskizun
Aurten programatu diren 31 lanetatik lau euskarazkoak izango dira; horien tartean, Soka, euskal hiriburuetako hiru antzokien arteko lankidetzaren eta Antzerkigintza berriak programaren emaitza (Iñaki Rikarte gasteiztarrarekin), eta Bernardo Atxagaren Obabakoak, Arriaga antzokiak ekoitzi eta Calixto Bieitok zuzendutakoa.
Bertako sortzaileen eskaintzari dagokionez, El Mono Habitado, Colectivo Monstrenko, Piszifaktoria, Parasite Kolektiboa, Tanttaka, Teatro Paraiso, Markeliñe eta Krego Martin Danza taldeak arituko dira.
Beti bezala, familientzako antzerkiak, Haurtxoak proiektuak eta gizarte etxeetako Jim Aktual eta Ikuskizuna Ibaiondon zikloek —ikuskizun freskoagoak eta dibertigarriak eskainiz— osatuko dute programazioa.
Sarreren salmenta
Sarrerak erosteko epea irailean zabalduko da. Abonamenduak irailaren 14tik aurrera erosi ahal izango dira. Ohiko salmenta, berriz, irailaren 22an abiatuko da.
Gazteenak antzerkira hurbiltzeko helburuarekin, %50eko deskontua egingo zaie 30 urtetik beherakoei; orain arte deskontu hori emanaldia hasi baino ordubete lehenago eskaintzen zen bakarrik.