Datorren ostegunetik hasita eta larunbatera arte izango da Korterraza Gasteiz laburmetraien lehiaketa. Zortzigarren urtez, azken urteko laburmetrairik onenak ikusteko aukera izango dute gasteiztarrek.
Aurtengo edizioan 770 film laburretatik 34 ikusgai izango dira Artiumeko barneko plazan. Ostegunean, hilaren 20an, Korterrazak zinemako marrazkigintza omenduko du Alberto Campos gogora ekarriz, eta haren azken lana izan zen Urdin proiektatuz.
Lehiaketan parte hartuko duten zuzendarien artean Goya sariaren irabazle bikoitza Pedro Solis izango da. Cuerdas izeneko lana zuzendu zuen, historiako animazioko film labur sarituena.
Sariei dagokienez, gehien nabarmendutako lau lanak sarituko ditu Korterrazak. Hala, Alex Angulo Saria, Korterraza Saria, Txiki Sailean gehien nabarmendutako lanari saria eta Laboral Kutxa Saria banatuko dira lehiaketan. Sarien diru-kopurua 6.000 eurotik gorakoa izango da.
Kontzertuak
Aurten ere musika izango da Korterrazan. Ostegunean, The Excitements taldeak hasiera emango dio leihaketari, 20:00etan Artiumeko barneko plazan. Ostiralean, Delaporte taldeak emango du kontzertua, 20:15ean. Hala ere, nabarmentzekoa da larunbatean Kodigo Nortek eskainiko duen kontzertua, jaialdian aurkeztuko baitu bere disko berria, Una vida entera. DJ Loro Jaiarekin amaituko da aurtengo Korterraza lehiaketa, larunbatean, 23:45ean.