Garbiñe Ortega: "Gauzak aldatzeko ardura denok dugu, ez soilik kudeatzaileek"

Anakoz Amenabar / Saioa Fdz. de Aranguiz 2017ko uzt. 14a, 11:12

Zinema dokumentalean aditua da Garbiñe Ortega, eta ikus-entzunezkoetan hamaika lan egin ditu; Zineleku zinemazale gazteentzako proiektuarekin batera, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko zuzendari modura erronka berria du esku artean.

 

Uda bete lan izango du Garbiñe Ortegak (Gasteiz, 1981) aurten. Bigarren urtez, Zineleku egitasmoa abian jarriko du hilaren 23an, ikus-entzunezko sortzaile berrientzako programa zabalarekin. Eta, bien bitartean,  hurrengo urteko Ikuspuntu zinema dokumentaleko jaialdiari forma ematen ari da buru-belarri. Horietan guztietan, filmea ikusteaz harago, "esperientzia kolektiboa" bilatu nahi du, jendea elkartu edota kaleak berreskuratzeko helburuarekin.     

Zer aurkituko dute Zinelekun biltzen diren gazteek? 

Zatirik inportanteena ikastaroak dira, 09:00etatik 19:00etara. Iaz hamar egun izan ziren, eta aurten hamabi; iaz Zarautzen, eta aurten Gasteizen, ilusio handia egiten dit nire hirian antolatzea hainbeste maite dudan proiektu hau. 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzat da, eta denetarik aurkituko dute. Ikastaroen programazioa egiterakoan guretzat inportantea zen zine-eskoletan edo unibertsitatean topatzen ez dituzten gaiak jorratzea, edo alde praktikotik ikustea. Gehien bat prozesu esperimentalak dira; adibidez, soinuari buruzko ikastaro bat egingo dugu, baina mikroez hitz egiteaz gainera, kalera aterako dira eta guztien artean soinu lan bat egin beharko dute. Etorriko diren profesional eta artista guztiak oso onak dira haien arloetan, baina beti ekartzen ditugu beren lana beste ikuspuntu batetik ikusten dutenak, agian kreatiboagoak edo esperimentalagoak direnak. Espiritu hori ere bultzatu nahi dugu apur bat.

Zinezalea izatea da ikasleentzako baldintza bakarra? 

Nahiko irekia da. Gehien bat etortzen diren ikasleak unibertsitatean ikus-entzunezkoak edo arte ederrak ikasi dutenak dira, baina zinemazaleak izan daitezke bakarrik. Inportanteena konpromisoa da;  izan ere, hamabi egun ia-ia 24 orduko esperientzia batean murgilduta egoteak konpromisoa eskatzen du eta, beraz, edonorentzat ez da. Iazko esperientzia oso polita izan zen, benetan oso-oso sartuta zeudelako eta esperientzia bizia izan zelako. 

Hiriburura ere zabalik izango da ikastaroa, ezta? 

Bai, Zineleku hasi zenetik gure asmoa lan hau irekitzea izan da. Aurten Gasteizen egingo  dugu, eta hiriari zerbait eskaini behar diogu; beraz, hitzaldiak, kontzertuak eta zinema emanaldiak egingo ditugu egunero. 

Zinema dokumentala "arrotza" ote da publikoarentzat? Zer sumatzen duzu? 

Dokumentalaren definizioa apur bat zabaltzea komeni da. Nik uste ikusle orokor batek duen definizioa nahiko itxia dela; pentsatzen dute elkarrizketa konbentzionala duen pelikula bat dela, eta hasiera-hasieratik dokumentala beste zerbait da. Dokumentala izan daiteke poetikoa, izan daiteke subjektiboa, autobiografikoa... Niri, antolatutako programazioekin, hori zabaltzea gustatzen zait. Bestetik, uste dut ez dugula filmean bakarrik pentsatu behar; esperientzia kolektibo zalea naiz, eta horretan lan egin behar dugu programatzaileok. Zinelekun egiten ditugun emanaldiak, esaterako, ez dira soilik filmak ikusteko; beste filosofia bat du atzean, elkar ezagutzea, kaleak berreskuratzea...  

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 113. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago