Miguel Angel Blancori omenaldia egin diote Gasteizen

Erredakzioa 2017ko uzt. 13a, 13:25

Udal talde politiko guztiak terrorismoaren biktimen monolitoan elkartu dira.

Miguel Angel Blancoren hilketaren 20. urteurrena gogoratzeko egin den omenaldiak udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiak elkartu ditu Forondako atean, terrorismoaren biktimen monolitoan. Minutuko isilaldia egin dute, lore-eskaintzarekin batera. Gorka Urtaran alkateak mezu hau helarazi nahi izan du: omenaldi hunkigarri horren bitartez adierazten da "Gasteiz biktima guztiekin" dagoela. 

Aurretik, PP, EAJ, PSE-EE, Podemos eta Irabazi taldeek joan den uztailaren 7an eledunen batzarrean Miguel Angel Blancoren bahiketa eta hilketaren 20. urteurrenari buruz onetsitako adierazpena irakurri dute. EH Bildu, aldiz, gaurko omenaidira joan arren, ez zuen adierazpena sinatu. "Adierazpen instituzionala osatzeko hiru puntuen adostasuna lortzera heldu gara. Hala ere, PPk bere hitzaurreari eutsi dio, eta ez gaude ados egiten den errelatoarekin", adierazi du Antxon Belakortu EH Bilduko zinegotziak."EH Bilduren konpromisoa, biktima guztiekiko, irmoa da. Are gehiago, Gasteizko biktimen aldeko omenaldi guztietan parte hartu du", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago