Ostegunean ongietorria egin diete Saharatik etorritako haurrei. Gasteizko Udaletxean egindako ekitaldian talde politiko guztietako ordezkariak izan dira, eta baita Oporrak Bakean egitasmoan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak ere: Udala, Diputazioa, eta bisatuak ahalbidetzen dituen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza ere.
Aurten 44 haur etorri dira Gasteizera, bertoko familiekin udara bakean igarotzera. Beste 20 haur ere Zuhatzu Kuartangoko aterpetxe batean egongo dira, Arabako Bakelekua elkartearen eta Zuhatzu Kuartangoko Udalaren lanari esker. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegora ia 300 haur etorri dira.
Afanis ume sahararrak hartzeko familien elkarteak eta Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzak antolatu dute bisitaldia. Gasteizko Udalak eta Arabako Diputazioak bidaien kostua beren gain hartzen dute, eta abegi familiak bi hilabetez haurrak zaintzeaz arduratzen dira, basamortuan emandako hilabeteen ostean oporrak normaltasunez igarotzeko.
Afanis elkarteko kide Blanca Regulezek nabarmendu duenez, aurtengo kanpaina "konplikatu samarra" izan da, ume berri askok harrera behar zutelako, baina, hala ere, pozik azaldu da emaitzarekin.
Ohi bezala, udaran ongi pasatzeko moduko ekintza osagarriak antolatu dituzte: aurten Cabarcenoko natura parkera (Kantabria) eta Sobronera txango bana antolatu dituzte, eta uztaileko ostegunetan ere ume sahararrak zein abegi familietako umeak Lakuako Galeoiaren parkean bilduko dira, elkar ezagutu eta guztiok batera jolas egiteko.
Regulezek Saharako errefuxiatu kanpalekuetan urtean zehar haurrek eta haien familiek jasan behar dituzten bizi-baldintza gogorrak ekarri ditu gogora. "Bertan basamortua besterik ez dago, eta muturreko tenperaturak jasan behar dituzte. Eremu guztiz harritsua da, gainera".
Era berean, eta kontuan izanda duela 40 urte baino gehiago hasitako gatazka dela, bertako egoera ahaztearen arriskuaz ohartarazi du Afaniseko kideak. "Bertan, batez ere, kanpoko laguntzari esker bizi dira, baina laguntza humanitarioa gero eta urriagoa da, eta, hortaz, gero eta zailagoa egiten zaie bizitza antolatzea".
Ahazteko arriskuan
Urte luzez sustraitutako egoera latzari, gainera, arazo berria gehitu zaio. "Orain, batez ere Siriako gatazka dela eta, iheslarien arazoa asko handitu da, eta Saharako gatazka ahazteko arriskua are handiagoa da".
Regulezek apirilean eremura egindako azken bisitaldia adibidetzat jo du. "Anbulategietan erabiltzeko tentsiometroak eraman ditugu hara, horien beharra zutelako".
1975ean abiatu zen Mendebaldeko Saharako gaztazkaren azkenengo fasea. Urte horretan, Marokok Martxa Berdea izeneko inbasioa martxan jarri zuen, lurralde hori kolonizatzeko zibilak eta militarrak erabiliz.
Ordura arte, Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia zen, eta bertan erreferendum bat egitekotan zen, bai Nazio Batuen Erakundeak zein Fronte Polisarioak Francoren erregimenari egindako presioei esker. Espainiako diktadoreaen heriotza baliatu zuen Marokok lurralde horiek eskuratzeko, iheslarien krisia eraginez.