Asteburuan, Gasteizek agur esan zion Nanga Parbat mendian hil den Alberto Zerain mendizaleari. Ostiralean, hileta-elizkizuna izan zen San Migel elizan. Bertan, mendizalearen senide eta lagunekin batera, 2.000 pertsona inguru izan ziren, tartean, alpinismoaren izen ezagunak eta erakundeen ordezkariak, hala nola, Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria, Arantza Tapia eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak. Manuel Iradier abesbatzak hiletan parte hartu zuen, eta amaitzean, elizaren balkoian 'Zeras'-en omenez aritu ziren txistulariak eta dantzariak.
Alaveseko zaleen omenaldia
Alaveseko zaleek ere desagertutako kirolaria omendu nahi izan dute, eta Iraultza 1921 taldearen ekimenez, omenaldi herrikoia egin diote asteburuan. Besteak beste, mendizalea oroitzeko murala margotu dute Mendizorrotzan.
Zerain eta Galvanen gorpuen bila
Bitartean, Karakorumen Nanga Parbatera abiatuko den zortzi pertsonako espedizioa antolatzen ari dira, bi mendizaleen gorpuak bilatzeko. Zehazki, GPSaren seinalea galdu zen lekura joango dira, bi gorpuak berreskuratzeko asmoz.