Gasteizko udalak adierazi duenez, Elexalden (Zabalgana) kokatuko da jolas eremu berri eta originala; zehazki, Tirreniar Itsasoaren kalean.
Hala, jolas leku berritzaile hau naturan txertatuta egongo da, eta Estatu Batuetan, Kanadan eta Europako iparraldean garatutako antzeko beste ekimen batzuk kontuan izan dituzte Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren saileko teknikariek. Lanak burutzeko epea bi hilabetekoa izango da, esleitzen direnetik.
Zirkulu baten inguruan antolatutako zenbait eremu ditu; horien erdian soilgune bat egongo da. Bertan, ohiko jolasak jarriko dira, eta inguruan lurrezko donut moduko bat osatuko da. Bestetik, eraztunaren kanpoaldean, naturan txertatutako jolas eremu batzuk sortuko dira. Horrez gain, jolas eremuaren erdialdean saskibaloirako saskia, futbolean aritzeko bi zutoin eta boleibolerako zutoinak jarriko dira. Ziklo-kros zirkuitua ere izango du jolas eremuak.
Proiektua Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta azken urteotan Gasteizen garatzen ari den hiri-azpiegitura berdearen barruko zenbait ekintzatan oinarritutakoa da.