LGTBIQ kolektiboaren eskubideak Andre Maria Zuriaren jaietan aldarrikatu eta islatzeko ekintzak prestatuko dituzte Hiesaren Kontrako Batzordeak eta Gasteizko Margolariak blusa eta nesken kuadrillak.
Hala, kuadrillaren eskumuturrekoak ortzadarraren koloreak izango ditu, eta taldera batzen diren 250-300 blusa eta nesken artean banatuko dira. Jon Ruiz de Infante kuadrillaren ordezkariak adierazi duen bezala, "paseilloetan" ere ikusgai izango da aldarrikapena, eta gainera, kondoiak banatuko dituzte kuadrillaren kideen artean.
Bestetik, Sidalavak 500 preserbatibo jarriko ditu eskura Gasteizko taberna eta txosnetan. Horrez gain, batzordearen bozeramailea den Mikel Resak gainerako kuadrillak mota honetako ekimenetara batzera animatu ditu.