Gasteizen bizi diren jatorri askotariko lagunen artean elkarbizitzarako zubiak eraikitzea da urtero antolatzen duten Munduko Arrozak jaialdiaren helburu nagusia. Aurten, baina, barne desadostasunak tarteko, bertan behera utzi dute, antolatzaileek azaldu duten moduan.
"24 orduan izan ditugun amaigabeko dei, presio, elkarrizketa eta beste ekintza batzuen ostean, zoritxarrez, Munduko Arrozak jaialdia bertan behera uztea erabaki dugu", azaldu du jaia antolatzeaz arduratu den Afrika Harilkatzen elkarteak ohar batean. "Elkarbizitza, integrazioa eta kulturartekotasuna sustatzea helburu duen jaia izanik, helburu horietatik aldendu gaitu gertatutakoak". Helburu horien kontra, "intolerantzia" nagusitu eta "liskarrean" amaitu dutela azaldu dute. Gertatutakoak jaialdian parte hartu behar zuten taldeen arteko desadostasunak agerian utzi dituela eta arriskua areagotu ez dadin, jaia bertan behera uztea erabaki dute.