Zer egiten dut nik Harrotasunaren martxan?

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Hernandez 2017ko uztailaren 3a

Harrotasunaren martxa, joan den larunbatean. / SNH

Hori da azken asteetan buruan izan dudan galdera. 

Ez nekien ziur Harrotasunaren martxa nire lekua ote zen, ez nekien joan ala ez, azken batean nik nire alabarengatik bakarrik joan behar nuen... nire urte eta erdiko alaba, identitate eta orientazio sexualetatik urrun oraindik... beharbada bai, joan behar nuen. Nahiz eta bere aita eta biok heteroak garen. 

Azkenean, joan den larunbatean, Madrilera joatea erabaki nuen, eta erantzuna hantxe aurkitzea.

Kamiseta urdina jarri nuen www.sonnuestroshijos.com-ekin, trenera igo eta oihu egin nuen haurdunaldi subrogatuaren bidez sortutako familien alde. Bikote homoparentalek sortu zuten elkarte hau, lagundutako ernalkuntzaren bitartez izan dituzten seme-alaben eskubideen alde borrokatzeko. Geroago sartu ziren familia heterosexualak. Nire familia hala jaio zen, hirutara izandako haurdunaldi batekin, etxetik milaka kilometrora, eta irmo uste dugu gure alabak beste guztien eskubideak izan behar dituela. Aldarrikapena eta festa batzea formula bikaina da.

Eskerrik asko Madrilgo lantalde guztiari prestakuntza bilera guztietan egoteagatik, segurtasunaren inguruko guztiak koordinatzeagatik, intendentziagatik, gure abestiagatik, aurreko bazkariagatik, erraldoi eta lamiengatik, kolore guztietako politikariak gonbidatzeagatik, pankarta eta banderengatik, publikoaren txaloez gurekin disfrutatzeagatik, eta batez ere, gure familiak modu honetan ikusarazteagatik. Handiak zarete.

Ezin izan nuen ebitatu, emozionatu egin nintzen trenean. Bai, argi eta garbi, egon behar nuen Harrotasunaren martxan. Orain badakit hurrengo urterako. 

Espero dezagun familia osatzeko haurdunaldi subrogatua behar duten pertsona horiek guztiek gurea baino bide errazagoa izatea, lehenbailehen bide hori gure herrian ere abiatzea, eta lagundu nahi gaituzten emakume guztiek horretarako aukera izatea.

Nahiko nuke gure alaba haren gorputzaz eta haren identitateaz jabetzen denean aukeratzeko bide bat baino gehiago izatea, eta horiek seguruak izatea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago