Gasteizko Bosch enpresako langile batzordeak agerraldia egin du gaur, pairatzen ari diren egoera salatzeko. Enpresa berak Zaragozan duen Montañana eta La Cartuja eta Iruñeko Ezkirotz instalazioetako langileak ere bertan izan dira, Gasteizko beharginei elkartasuna adierazteko.
Hala, langile batzordeak multinazional alemana "langileekin negoziatzeko gutxieneko baldintzak" ez dituela bete salatu du. Izan ere, BSH Boschek Arabako hiriburuan fabrikatzen zuen produktua (lisaburdinak) haren katalogotik kendu du. Ondorioz, langileen egoera kolokan geratu da. Horrek, batzordearen esanetan, "langileak kontuan ez hartzearen erakusle da, eta ez du bat egiten Boschek, bere publizitatean, publikoari aurkezten dion irudiarekin". Egoera hau ikusirik, multinazionalak BSH Bosch enpresa itxi nahi duela susmatzen du langile batzordeak.
Horregatik, negoziaziorik ez dutela espero eta langileek "orain arte izan dugun borroka denbora luzez mantenduko" dutela adierazi du batzordeak. Era berean, gatazka Espaina mailan dauden gainerako instalazioetara luzatzeko asmoa dutela jakinarazi dute langileek.
BSH salgai
Martxoan iragarri bezala, Bosch Alemaniako multinazionalak negozio eredua aldatzea erabaki du, eta erabakiak bete-betean eragin dio bere filialak, BSHk, Gasteizen daukan lantegiari. Aurrerantzean plantxak ekoizteari utzi nahi dio, eta, hain zuzen ere, lisaburdinak fabrikatzen ditu BSH Arabako hiriburuan: urtero, bi milioi unitate egiten ditu 200 pertsonako lantaldeak, Ehariko industrialdean. Bada, salgai jarri du lantegia, eta inbertitzaile baten bila ari da, plantaren jardun industrialari eutsi ahal izan diezaion eta epe luzera bideragarri izan dadin.