Tranbia Salburura eramateko lanak 2018an lizitatuko dira

Erredakzioa 2017ko eka. 29a, 14:07

Autobus azkarra martxan jartzeko kontratazio-lehiaketa ere 2018an abiatzea aurreikusten du Udalak.

Tranbia Salburura eramango dituen obrak 2018an aterako dira lehiaketara, gaur Gorka Urtaranek iragarri bezala, eta 20,7 milioi euroko inbertsioa egingo da horretarako. Autobus azkarraren sistemarako kontratazio-lehiaketa ere datorren urterako egitea aurreikusi du alkateak.

Tren arina, Salbururaino

Momentu honetan, tranbia Salburura luzatzeko diseinu-lanak egiten ari dira Udala eta Eusko Jaurlaritza. Luzapenak 1.960 metro eta lau geltoki izango ditu (Florida, Salburuko gizarte-etxea, Nikosia eta Europar Batasunaren plaza). Hala, Judimendi, Santa Luzia eta Salburuan barrena luzatuko dira bideak. Adar honen maiztasuna 15 minutukoa izango da.

Tranbia Zabalganera luzatzeari dagokionez, Gasteizko alkateak gogorarazi du proiektua definitzen ari direla, hurrengo agintaldian ekiteko asmoz. Udazken honetan, aldiz, tren arina San Kristobal, Adurtza eta unibertsitatera luzatzeko lanak hasiko dira. 

Autobus azkarra, bidean

Udal politikari buruzko osoko bilkuran gaur egin duen mintzaldian, BRT edo autobus azkarraz hitz egin du Urtaranek. Udal teknikariek eta Eusko Trenbide Sareak proiektua lantzen ari dira orain. Izan ere, datorren uztailaren 17an biltzekoa da proiektuaren jarraipen-batzordea, eta lanak egiteko kontratazio-lehiaketa 2018an egitea da aurreikusten da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago