Aerobic Biribildu talde gasteiztarrak Europako txapelketara joateko pasea lortu du. Espainia mailan zortzi domina lortu ostean, zuzenean sailkatu dira arabarrak Anconan (Italia) izango den txapelketan parte hartzeko.
Hala ere, erronka zaila dute aurretik: ekonomikoa. Izan ere, horrelako txapelketa batean parte hartzeko gastuak altuak dira, eta Espainiako federazioak ez ditu ordaintzen. Gastuei aurre egin ahal izateko, babesle eta kolaboratzaile bila ari dira.
Horrez gain eta dirua biltzeko asmoz, klubak zunbako klaseak emango ditu Gasteizko Los Herran institutuan, uztailaren 4an, 11an eta 18an, 20:00etan.
Ibilbide arrakastatsua
Aerobic Biribildu klubak 2003tik gimnasia erritmikoa eta aerobikoa lantzen ditu. Ordutik hona, lorpen esanguratsuek bete dute bere ibilbidea. Hala, Araba mailan, txapelketa nazionaletan eta internazionaletan parte hartzen duen aerobikeko klub bakarra da.
Klubak Espainiako toki desberdinetan zehar aurkeztu du bere lana. Besteak beste, Bilbon, Valentzian, Madrilen eta Bartzelonan aritu da lehian.
2015. urtean, lehen aldiz hartu zuen parte Europako txapelketa batean, 4. postua lortuz. Horrez gain, aurreko urteko ekainean, Hego Korean ospatutako munduko txapelketara joan zen eta 8. postua eskuratu zuen.