Hala Bedi Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo, arduradun politiko ezberdinei irrati lizentzien inguruko azalpenak eskatzeko. Honakoa, ordea, ez da eskakizun hau egiten duen lehenengo aldia; ikasturte honetan hainbat alditan salatu baitu Eusko Jaurlaritzak lizentziarik gabe utzi nahi duela Hala Bedi BI irratia.
Hala, "irrati komunitarioen presentzia bermatuko duen beste lehiaketa bat" abiatzeko eskatu zieten politiariei Hala Bedi irratiko ordezkariek. Era berean, 2012ko lizentzia banaketa egiteko prozesuan gertaturiko "irregulartasunak ikertzeko", eta euskarazko Hala Bedi BI irratiari behin-behinean adjudikatutako lizentzia behin betiko emateko eskatu zuten.
EH Bildu eta Podemos izan ziren irratiko kideen eskaerak babestu zituzten bakarrak. PSE-EE eta EAJk, berriz, "erantzutea sahiestu" zutela adierazi zuen Hala Bediko kide Ainhoa Villaverdek.
Elkarretaratzea, herri mugimenduarekin
Agerraldia baino lehen, 11:00etan, elkarretaratzea deitua zuten Legebiltzarraren aurrean, Ilegala banaiz alda zuen legea lemapean. "Herri mugimendu guztiari eta herritar guztiei luzatu zioten deia bertan parte hartzeko".