Gasteizko Iradier Arenak ekintza desberdinak hartuko ditu Andre Maria Zuriaren aurtengo jaietan. Zezenketen ordez, kultura, aisia eta haur-jarduerak tartekatuko dira gunean. Hala ere, bigantxak izango dira, besteak beste, zirkua eta haurrentzako ikuskizunekin batera.
Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok joan den urteko polemika gogoratu du. Izan ere, "aurreko enpresariaren uko egiteak eta ondorengo hautagaitzen faltak ohiko zezenketak antolatzea ezinezkoa egin zuten". Horren harira, berritasunak sartzearen aldeko jarrera agertu du: "gure sailean Iradier Arena zabalik mantentzeko eta jarduera desberdinak programatzeko apustua egin genuen, eta lanari ekin genion argi genuelako zezenketak ez egoteak ez zuela jaietan eraginik izango".
Jarduera desberdinak
Erabilera askotarako eraikinean lekua hartuko duten ekintzek 10:30etik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango dira uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 6an. Abuztuaren 7, 8 eta 9an, ordea, arratsaldez soilik izango dira.
Lehenengo hiru goizetan (uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 6an) ohiko jarduerak izango dira bigantxekin. Arratsaldez, Super Grand Prix, Humor Amarillo eta errekortadoreen lehiaketa egongo da, uztaien modalitatean.
Abuztuaren 7an, arratsaldez, haurrentzako Pupu eta Lore Haizearen Herrira euskarazko ikuskizuna programatu da, Katxiporretak aurkeztuta. Imanol Urbietaren haur-kantak oinarri hartuta, hiru lagunek kantuen, dantzen eta jolas interaktiboen bidez, umeei parte hartzeko gonbita egingo diete.
8an Xarivari Blues ikuskizuna Circo Los konpainiaren eskutik; zirku garaikideko konpainia honek malabareak, ohe elastikoaren gaineko oreka-jokoak eta akrobazia zorabiagarriak erabiliko ditu The Blues Brothers filma irudikatzeko.
9an, azkenik, pilotaren inguruko jarduera egongo da. Frontoi eramangarri bat instalatuko da eta taldeka parte hartuko da.
Prezioak jardueraren araberakoak izango dira. Hala, bigantxek 4 euroko prezioa izango dute. Grand Prix, Humor Amarillo, zirkua eta pilota, 3 euro. Haurrentzako ikuskizunak 4 euroko prezioa izango du eta, azkenik, uztaien ikuskizunak 7 euro. Sarrerak datorren uztailaren 10etik eros daitezke.