Abian da 'Gasteiztarrak arraun the world' lehiaketa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 23a, 14:10

Iazko erakusketaren irudia

Hirugarren urtez, Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa abian jarri dute Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak-ek elkarlanean; gazteen parte hartzea sustatu nahi dute.

 

Aurtengo udan munduan zehar eginiko bidaia, argazki eta hitzen bitartez kontatzea. Hori da Oihanederrek eta Gauekoakek egin duten proposamena.   

Parte hartzeko bi modu izango dira Gasteiztarrak Arraun The World udako lehiaketaren hirugarren edizioan: argazki-hizki lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, hogei argazkidun argazki-sorta aurkeztu behar dira, eta argazki-sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus helbidera. 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago formatu hau. Publikoaren gazte sarian parte hartzeko, berriz, bost argazki igo behar dira Instagramera, egindako bidaia deskribatzen duen euskarazko izenburuarekin batera. Horrez gain, #GAW2017 traola erabili eta @gauekoak eta @oihanedereuskararenetxea aipatu beharko dira. 16 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dago saria.

Ohiko argazki-hizki lehiaketara aurkeztutako lanen artean, lau argazki-sorta sarituko dira. Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Azokan asteburu-pasa irabaziko dute: bi pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko landetxe batean, eta azokan gastatzeko 100 euro. Instagram bidezko lehiaketan irabazle bakarra izango da, eta Durangoko azokan gastatzeko ehun euroko bonua izango du sari.

Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa 2017ko ekainaren 21etik irailaren 21era bitartean egongo da abian, biak barne.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago