Frankismoak Santa Isabel hilerrian fusilatutakoak gogoratuko dituzte, Lauaxetaren hilketaren urtemugan

Erredakzioa 2017ko eka. 23a, 13:35

EH Bilduk udal gobernuaren "utzikeria eta interes falta" salatu du, oroimen historikoaren plana garatzekoan.

Datorren igandean, hilaren 25ean, Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkariaren hilketaren 80. urteurrena da. Hori dela eta, frankismoak Santa Isabel hilerrian fusilatutako pertsonak gogoratuko dituzte. Ekitaldia 12:15ean hasiko da, Karmengo elizaren aurreko plazan. Bertan, loreak jarriko dizkiote duela bi urtetik bertan kokatuta dagoen idazlearen eskulturari.

Ahaztuak elkartearen txosten baten arabera, 1936tik 1977ra bitartean 196 pertsona fusilatu zituzten Gasteizko hilerriko horman, agintari frankistek horretarako erabiltzen baitzuten. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak adierazi duenez, Udalak dei egiten du "biktima ororen oroitzapena bizirik mantentzera, oso gogoan izatera eta bizikidetza, askatasuna eta giza eskubideak sendotzera".

Udal gobernuaren "utzikeria"

Memoria historikoaren harira, EH Bildu Gasteiz udal taldeak Urtaranen gobernuaren "utzikeria eta interes falta" salatu ditu, oroimen historikoaren plana garatzekoan. "2010ean, Udalak aho batez hainbat neurri aurrera eramatea erabaki zuen, Santa Isabel hilerriaren atzeko horma duintzeko eta txukuntzeko, duela 80 urte, dozena pertsona fusilatu zituzten tokia", gogora ekarri du EH Bildu Gasteizko zinegotzi Ane Aristik. 2014an, berriz, beste mozio bat onartu zela gogoratu dute, besteak beste, oroimen historikoari buruzko lan talde bat sortzea onartzeaz gain, fusilamenduak oroitzeko plaka bat jartzea ere onartu zen. 2017ko urtarrilean, "beste behin ere, lehentasun bezala memoriaren lekuak seinalatzea zehazten zuen txostena onartu zen". 

"Igandean, fusilamendu hauen 80. urtemuga izango da, eta EAJk ez du gaitasunik erakutsi frankistek burutu zituzten dozenaka hilketa hauek omentzeko.  Errespetu falta bat da, bai senideei baita memoria berreskuratzeko lanean ibili direnentzat ere”, adierazi du Aristik. Hala, Memoriaren planean agertzen diren neurriak berehala martxan jar ditzan eskatu diote Urtarani. 

80 urte Lauaxeta hil zutenetik

1930ko hamarkadan, Estepan Urkiaga Basaraz Lauaxetak euskarazko argitalpen, poesia eta antzezlan ugari sustatu zituen. 24 urte zituela argitaratu zuen lehen olerki bilduma, Bide barrijak, eta Alea bezalako taldeen bitartez bere belaunaldiko olerkariak ezagutu zituen, Blas de Otero eta Federico Garcia Lorca, besteak beste. Gerra Zibilean Gernikara joan zen egunkari frantses bateko berriemaileari laguntzeko, eta han atxilo hartu zuten tropa frankistek. 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten Santa Isabel hilerrian, 32 urte zituela.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago